Euskadiko errekorra egin du John Cabangek 110 metro hesietan

Tolosaldeko Ataria 2023ko eka. 21a, 16:00

Real Sociedad taldeko atleta irurarrak 13,65eko marka ezarri du Gasteizen jokatu den Euskadiko Txapelketan.

John Cabang irurarrak Euskadiko marka berria ezarri du 110 metro hesietan, 13,65ko markarekin. Gasteizen egin zen asteburuan Euskadiko Atletismo Txapelketa eta bertan lortu zuen errekorra eta urrezko domina Cabangek. «Marka horrek ez digu aterik irekitzen, baina aukera ematen dit neure burua beste ikuspegi batetik begiratzeko», esan du Real Sociedad taldeko atleta irurarrak. «Kontuan izan behar da larunbateko jardunalditik nekatuta gentozela, 100 metroko proban parte hartu nuelako. Beraz, horrelako egoera batean marka pertsonala egiteak erakusten digu zer proiekzio izan dezakedan».

Orain Asiako Txapelketari begira jarriko da Cabang, Filipinetako selekzioarekin lehiatzen ari baita. «Moral altu batekin joango gara, eta hori garrantzitsua da. Orain dena lortzera joango gara», esan du irurarrak.

Euskadiko Txapelketan 100 metrotan bigarren postua lortu zuen Cabangek, eta marka pertsonala egin zuen, 10,81 eginez. Bestalde, Real Sociedad taldeko Iraitz Arrospide billabonatarrak 5.000 metrotako proba irabazi zuen, 14.51,53ko denborarekin. Bere aldetik, Atletico San Sebastian taldeko Maria Lasa irurarrak 1.500 metrotako proban urrezko domina lortu zuen, 4.35,17ko denbora eginez.

Txapelketa horretan Tolosa CF-ko atletek bost domina eta Espainiako Txapelketarako hiru gutxieneko marka lortu zituzten. Bi urrezko domina lortu zituzten, eta horietako bat Iratxe Martinek lortu zuen, 400 metro hesietan, 1.00,94ko markarekin. Beste urrea Manex Civicok lortu zuen 1.500 metroetan, 3.55ko markarekin; denbora hori 20 urtez azpiko Espainiako Txapelketako gutxienekoa da.

Maria Felisa Okomok zilarrezkoa lortu zuen 12,50 metroko jaurtiketarekin. Beste bi dominak brontzezkoak izan ziren. Ane Martinek 800 metrotan lortu zuen, marka pertsonala eginez 2.12,37rekin. Eta June Sudupek ere jantzi zuen, marka pertsonala eginez, kasu horretan 1.500 metroetan, 4.43,89 denborarekin.

Espainiako Txapelketetako gutxieneko markei dagokionez, Manex Civicok lortutakoaz gain, Laia Azpilgainek 200 metroetan 18 urtez azpiko txapelketarako lortu zuen 25,21ko markarekin, eta maila bereko txapelketarako Unax Armendariz sailkatu zen 1.500 metroetan 4.04 eginez.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!