Suak piztuko dituzte, eskualdeko ia herri guztietan

Ataria 2023ko eka. 22a, 07:59

San Joan sua piztuko dute bihar iluntzean Tolosaldeko herri gehienetan; musika, dantza eta afari mokadurik ez da faltako.

San Joan jaiak ospatzen dituzte Abaltzisketan, Belauntza eta Tolosan. Sanjoanak, ordea, eskualde guztira iristen dira,  sua pizten baitute San Joan bezperako gauean. Bihar iluntzean, beraz, eskualdeko 27 herritan festa izango dute. 

Ohitura horrek, udako solstizioarekin erlazionatutako ospakizun paganoan du jatorria. Udako solstizioa urteko egunik luzeena eta gau laburrena gertatzean ematen da, eta atzo izan zen egun hori, udan sartzearekin bat era. Hala ere, kristautasuna, mitologia, sinesmenak eta erritu paganoak elkarrekin nahasten diren egunean egiten da gaur egun ospakizun nagusia, San Joan bezperan, ekainaren 23an alegia. Izpiritu txarrak sutan erretzeko eguna izaten da askorentzat. 

Bihar, beraz, ospakizun eguna izango da eskualdeko ia herri guztietan. Ohiturari eutsiz, suak piztuko dituzte han-hemenka, eta zenbait herritan suaren inguruan dantza egingo dute lehenik eta salto egiteko aukera izango da ondoren. Zenbaitetan, mokadu bat elkarrekin jateko deialdia ere egin dute sua piztu aurretik, eta musika, kalejira, erromeria eta dantzarik ez da faltako. 

Egitaraua

  • Abaltzisketa
    • 14:30. Bertso bazkaria, Larraitzen, Iker Zubeldia, Julio Soto eta Maialen Lujanbiorekin.
    • 21:30. San Joan sua.
    • Ondoren. XXXIV. San Joan dantza eta soka dantza.
    • Jarraian. Muxutruk erromeria.
  • Aduna
    • 20:30. Barrikotea
    • Ondoren. San Joan sua.   
  • Albiztur
    • 20:30. Arkaitz elkartearen eskutik, mokadutxo bat eskainiko da.
    • 22:00. Sua piztuko da; aurretik, gaztetxien dantza emanaldia.
    • Ondoren. Herriko trikitilariak.
  • Alegia
    • 21:00. San Joan sua. Sutarri dantza taldearen eta Txintxarri abesbatzaren parte hartzearekin.
  • Alkiza
    • 20:00. Herritar guztientzat afaria, guraso elkartearen eskutik.
    • 21:30. San Joan sua. 
    • Jarraian. Alkizako sorgin@k dantza taldearen emanaldia.
  • Altzo
    • 21:00. Solstizio festa, plazan: dantzariak, korua, sua eta zahagi ardoa. 
  • Amasa-Villabona
    • 18:30.  Kalejira Villabonan barrena.
    • 22:00. Sua piztuko dute, Amasan. 
    • 22:00. Jon Iñaki Ormazabal eta Jose Ramon Balerdi eskultoreen partaidetza, Villabonan.
    • Ondoren. Basoko pertsonaien etorrera eta sua piztea, Villabonan.
  • Amezketa
    • 22:00.  Sua piztuko dute San Martin auzoan. 
  • Anoeta
    • 18:00. Buruhandi eta erraldoiak txistulariekin.
    • 20:30. Herri afaria plazan. 
    • 22:15. Txalapartariak eta festa suaren inguruan, aho-soinuarekin.
  • Asteasu
    • 21:00. San Joan sua eta dantza.
  • Baliarrain
    • 20:00. Afari merienda. 
    • Ondoren. San Joan sua. 
  • Belauntza
    • 17:00. Txupinazoa. Umeentzako merienda, puzgarriak eta jolasak.
    • 20:00. Zahagi ardoa. 
    • 21:00. San Joan sua. 
    • 22:00. Mus txapelketa. 
    • 22:30. Garena, Garigabeak eta The Combix taldeen kontzertuak.
  • Berastegi
    • 16:00. Herriko haurren San Joanetako pilota txapelketa.
    • 18:00. Herriko dantzarien emanaldia. 
    • Segidan. Musika eskolako ikasleen musika kontzertua. 
    • 21:00. Herri afaria frontoian.
    • Jarraian. San Joan sua eta San Joan dantzak. 
  • Berrobi
    • 20:30. Barrikotea. 
    • 22:30. Su festa. Dantzariak, akerra...
  • Bidania-Goiatz
    • 20:00. Afaria, eliz atzeko parkean.
    • Ondoren. San Joan sua. 
  • Elduain
    • 21:00. Afaria.
    • Ondoren. Sua piztu eta dantza.
  • Gaztelu
    • 19:30. Parrila afaria, plazan: sardinak eta saiheskia.
    • Ondoren. San Joan sua piztea eta dantza saioa suaren inguruan.
  • Hernialde
    • 20:00. Altxorrez betetako herriko dantzarien emanaldia. 
    • Jarraian. Zahagi ardoa eta salto batzuk egiteko suaren piztuera.
  • Ibarra
    • 20:30. Afari herrikoia. 
    • 21:30. Sua piztea, Alurren eskutik. 
    • 21:45. Suaren inguruan dantza. 
    • Ondoren. Erromeria.
  • Ikaztegieta
    • 21:00. Afaria, plazan. Suaren inguruan, dantza.
  • Irura
    • 20:00. Barrikotea, sua piztea eta Onintza abesbatza.
  • Larraul
    • 17:30-20:00. San Joan sua prestatzeko auzolana.  
    • 20:30. Barrikotea.  
    • 21:30. Larraulgo Soinujole taldearen emanaldia. 
  • Lizartza
    • 20:00. Herri afaria. 
    • 22:00. San Joan suaren piztea. 
    • 22:05. Otsolar dantza taldearen emanaldia. 
    • 22:15. Erromeria: Elustondo anai-arrebak.
  • Orendain
    • 21:00. San Joan sua, zahagi ardoa eta sardina erreak.
  • Tolosa
    • 19:00. Haurrentzat San Joan su txikia, Plaza Zaharrean. Tolosako Musika Eskolako Ikasleen Bandarekin.
    • 21:00. Barrikotea San Esteban auzoko parke txikian eta ondoren sua. 
    • 22:00. San Joan sua piztea , sorgin dantza eta txistulariak, Larramendiko San Joan plazan.
    • 22:00. San Joan sua piztuko da Andre Maria plazan, Udalbatza bertan dela.
    • Ondoren. Udaberri dantza tadeak, Hodeiertz abesbatzak eta Tolosako Musika Bandak jardungo dute.
  • Zizurkil
    • Herrigunean
      • 16:30. Eskulanak. Kismi osatuko dute.
      • 18:00. Txokolatea.
      • 18:30. Esnatu Ekhi! ipuinaren kontaketa.
      • 19:30. Kalejira Kixmi eta musikarekin.
      • 20:00. Sua piztu eta dantza.
    • Elbarrenan
      • 19:30. Kalejira Joxe Arregi plazan.
      • 21:00. Zizka-mizka. 
      • 22:00. Antzerki tailerrekoen eskutik antzerkia. 
      • Jarraian. Sua piztu eta Bukalaikoen sorgin dantza. 
      • Bukatzeko. Fandango, arin-arin eta kalejira herritar guztientzat.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!