Tolosaldeko ospitale publikoa

TOPAren ustez ospitale berria anbulatorio handi bat izango da

Ataria 2023ko eka. 20a, 19:59

Tolosaldea Osasun Publikoaren Alde plataformak salatu du Plan Funtzionalak jasotzen duen informazioa «oso orokorra» dela.

TOPA Tolosaldea Osasun Publikoaren Alde plataformak ikasturteko azken agerraldia baliatu du eskualdean egingo duten ospitale berriaren Plan Funtzionala «oso orokorra» dela salatzeko. Iritsi zaien informazioa aztertuta ondorioztatu dute oso zaila dela eskualde mailako beste ospitaleekin konparazioa egitea «ez baita gainerakoak bezalako eskualdeko ospitalea izango». Gaineratu dute txostenak diola 65 espezialistek egingo dutela bertan lan, «baina ez dakigu zer espezialitate diren, ezta zer lanaldi izango duten ere, eta ez da gauza bera lanaldi osoan aritzea edo ordu batzuetan».

TOPAren iritziz Plan Orokorrak aurreikusitako ospitalea txikia da; «beste ospitaleek baino espezialista gutxiago izango ditu, gainerako eskualdeak baino ohe ratio txikiagoa izango du, eta ez ditu egingo traumatologiari, kirurgiari edota urologiari lotuta ospitaleratzea eskatzen duten esku hartze kirurgiko handiagoak». 

Ospitale berriak kanpo kontsultak baino ez dituela izango nabarmendu dute eta ez zerbitzu medikua, «laburtuta, anbulatorio handia izango da, baina ospitale txikia». «Gainera falta da jakitea zer eginkizun izango duen etorkizunean Asuncion Klinikak eta zer gertatuko den hango langileekin –300 baino gehiago dira–. Gai honek izugarrizko garrantzia du eta ez dakigu ezer hari buruz». 

Informazio gehiago
Orain arte jaso duten informazioa ez dela nahikoa uste du plataformak eta datu gehiago eskatu ditu, tartean jakin nahi dute  ospitale horrek aukerarik izango ote duen gainerako eskualdeetan jasotzen dutenaren antzeko arreta emateko. Ospitale berria egin bitartean zer gertatuko den jakin nahi dute eta orain arte egindako eskaera berretsi; «alegia, eskatzen dugu Donostia Ospitalera joateko aukera izatea eskualdeko ospitale publiko berria egin bitartean».

Ahoztar Zelaietak argitaratu berri duen Diagnóstico Tolosaldea. La privaticación de la sanidad en el oasis vasco liburua ekarri dute gogora eta kezka azaldu dute «ospitale berriaren auzian eta osasun publikoa orokorrean hartuta interes asko daudela ikusi dugu eta saiatuko dira gure osasunarekin negozioa egiten jarraitzen».


Gaiak konpondu gabe jarraitzen duela gehitu dute eta «udal hauteskundeetako emaitzak ikusita eta Osasun Saileko solaskideak aldatuta» harremanak hobera egitea espero dutela esan dute, horrela Tolosaldea gainontzeko eskualdeen pare egoteko  zein urrats emango dituzten jakin ahal izateko. «Espero dugu hartzen diren erabakietan parte hartu ahal izatea».
Sanjoanak pasata TOPAko kideek oporraldia hasiko dutela esan dute eta ikasturte berriarekin itzuliko direla gaineratu, «ea gure ordezkariekin batera lortzen dugun gainerako eskualdeek bezalako osasun arreta izatea gurean ere. Klinikako langileak horretan ari dira».


Plan funtzionala
Hain zuzen, Tolosako Udalak pasa den maiatzean jaso zuen eskualdeko ospitale publiko berrirako Plan Funtzionala eta orduan jakin zen ospitalizaziorako 70 ohe aurreikusten dituztela eta baita 18 espezialitate, 24 orduko larrialdi zerbitzua, etxeko ospitalizazioa, errehabilitazioa eta fisioterapia, eta zenbait laguntza zerbitzu ere. Iñigo Urkullu lehendakaria Tolosan izan zen udal hauteskundeen harira eta Tolosaldeak 17.000 metro koadro izango dituen ospitalea izango duela esan zuen.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!