Altuna III.ak, Artolak eta Peña II.ak Bizkaia Torneoa txapelketako finala jokatuko dute

Ataria 2023ko eka. 20a, 11:59

Aspeko pilotari amezketarrak, Sollube taldearekin jokatuko du; Baiko Pilotako pilotari alegiarrak eta tolosarrak, berriz, Anboto taldearekin. Bilboko Aste Nagusian izango da finala, Bizkaia frontoian.

Zenbait pilotari profesional uda aurretik izaten dituzten opor egunez gozatzen ari dira. Beste batzuek, ordea, pasa den asteburuan partidak jokatu dituzte; hain justu, Bizkaia Torneoa txapelketako finalerdien txanda izan da, eta horietan, eskualdeko hiru pilotari izan dira.

Larunbatean, Abadiñoko Matiena pilotalekuan, Kolitza eta Sollube taldeen arteko lehia izan zen. Aspeko pilotariak izan ziren bi taldeetan, tartean, Jokin Altuna. Amezketarrak, Martijarekin bikotea osatuz, binakako partida jokatu zuen Ezkurdia-Rezusta bikoaren aurka. 22-16 irabazi zuten iazko binakako txapelketa nagusiko irabazleek. Binakakoaren aurretik, lau eta erdiko partida jokatu zuten Salaberriak (Sollube) eta Peio Etxeberriak (Kolitza). Salaberriak tanto bakarragatik irabazi zuen: 18-17. Hirugarren eta azken partidan, buruz burukoan, Kolitzako Zabalak 18-6 irabazi zion Sollubeko Victorri. Ordurako, baina, erabakita zegoen kanporaketa. Sollube finalerako sailkatu zen.

Igandean, Durangoko Ezkurdi frontoian, Oiz eta Anboto taldeen arteko kanporaketa jokatu zen. Baiko Pilotako pilotariak izan ziren bi taldeetan, tartean, Jon Ander Peña eta Iñaki Artola. Tolosarrak eta alegiarrak Anboto taldearekin jokatu zuten. Lehen partidan, lau eta erdikoan, Peña II.ak 18-9 irabazi zion Zubizarreta III.ari. Binakakoan, Artolak eta Albisuk 15-22 galdu zuten Urrutikoetxea-Imaz bikotearen aurka. Ondorioz, buruz buruko partidan erabakiko zen zein talde sailkatuko zen finalerako. Alberdi anaien arteko lehia izan zen, eta azkenean, anai gazteena (Anboto) nagusitu zen: 18-11. Beraz, Baiko Pilota enpresako pilotarien kanporaketan, Anboto sailkatu zen finalera.

Bilboko Aste Nagusian izango da Sollube eta Anboto taldeen arteko finala, Bizkaia frontoian. Lau eta erdiko partidan, Salaberriak (Sollube) Peña II.aren (Anboto) aurka jokatuko du; binakakoan, Altuna-Martija (Sollube) bikotea Artola-Albisu (Anboto) bikotearen aurka ariko da; eta azkenik, buruz buruko lehian, Victorren (Sollube) Alberdi II.aren (Anboto) aurka jokatuko du.

San Fermin torneoa

Iruñeko San Fermin festetako binakako txapelketa izan ohi da udako lehen txapelketa nagusia. Horrez gain, San Fermin egunean, uztailaren 7an, Lau eta Erdiko San Fermin Torneoko finala jokatu ohi da, eta aurten ere, ikusmin handia piztu du partidak, txapelketa oraindik hasi ez bada ere, sarrera guztiak salduta baitaude.

Hain justu, asteburu honetan hasiko da txapelketa, final-zortzirenetako kanporaketekin, eta tartean, eskualdeko pilotariak izango dira. Ostiralean, Barañaingo Retegi pilotalekuan, Artolak Zubizarreta III.aren aurka jokatuko du, 18:30ean hasiko den partidan, eta larunbatean, Muskizeko Donibane pilotalekuan, Peña II.ak Urrutikoetxearen aurka neurtuko ditu indarrak, 17:15eatik aurrera.

Hurrengo astean final-laurdenen txanda izango da. Ekainaren 29an, osteguna, Altuna III.ak Elordi edo Elezkano II.aren aurka jokatuko du, Mungiako Trobika pilotalekuan; 17:00etan hasiko da jaialdia eta bigarren partida izango da. Amezketako aurrelariak larunbat honetan jakingo du aurkaria nor izango den. Biharamunean, hilak 30, Zaldibarko Olazar pilotalekuan, Erik Jakak Artola edo Zubizarreta III.aren aurka jokatuko du; 21:15ean hasiko da jaialdia, eta lau eta erdikoa bigarren partida izango da.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!