Bilboko azkeneko erailketa matxista salatu dute Aiztondon

Ataria 2023ko ekainaren 19a

Aiztondoko mugimendu feministak deituta elkarretaratzea egin dute gaur, Villabona eta Zizurkil batzen dituen oinezkoen zubian.

Orioko eta Gasteizko erailketa matxista gertatu, eta egun gutxira, gizonezko batek Bilbon, Santutxun, emakumezko bat erail du. Euskal Herrian, 2003tik, 120garrena izan da. Gaur Aiztondoko mugimendu feministak elkarretaratzea egin du Villabonako eta Zizurkil arteko oinezkoen zubian. Gogor salatu dute gizon gazte batek 89 urteko emakume bat erail izana. "Gure samina eta elkartasuna adierazi nahi diogu eraildako emakumearen familiari eta lagunei. Horrekin batera, nazkatuta gaudela ozen aldarrikatu nahi dugu".

Indarkeria matxista ahalbidetzen duten jarrera konplize guztiekin amaitzea eta erasotzaileei aurre egitea eskatu dute gaur Aiztondoko mugimendu feministako kideek eta azpimarratu dute jendarte osoak hartu behar duela ardura horretarako. Aurrera urrats handiagoak emateko eta bakoitzak bere esparrutik dagokion ardura hartzeko eskatu dute feministek elkarretaratzearen amaieran, "indarkeria matxistak ez baitu etenik izango jendartea egituratzen duen matxismoarekin amaitu arte. Indarkeria hau sistema heteropatriarkalaren ondorio da".

Nazkatuta eta batzuetan "nekatuta" ere badaudela aitortu dute Aiztondoko mugimendu feministatik. "Nekatuta gauden arren badakigu borrokatzen eta kalera irteten jarraitzea beste erremediorik ez dugula. Ozen diogu feminismoaren bidea dela gizartea errotik aldatuko duen bidea". Autodefentsarako eta feministak batzeko deia egin dute gaurko mobilizazioaren amaieran. "Gizartea eraldatu eta bizitza bizigarrien aldeko apustu erradikala egiten dugu, indarkeriarik, arrazakeriarik eta gorrotorik gabeko jendartea helburu".

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!