Aburuzak eta Isastegik urrezko zigilua eskuratu dute XXII. Gipuzkoako Sagardo Lehiaketan

Tolosaldeko Ataria 2023ko eka. 19a, 11:57

20 sagardogilek parte hartu dute XXII. Gipuzkoako Sagardo Lehiaketan; Zapiain sagardotegiak irabazi du. Tolosako Isastegi eta Adunako Aburuza sagardotegiek urrezko zigilua eramateko aukera izango dute euren botiletan.

XXII. Gipuzkoako Sagardo Lehiaketa. Gipuzkoako Foru Aldundia Sariak txapelketaren sari-banaketa ostiral goizean egin zen Gipuzkoako foru jauregiko tronu aretoan. Zapiain sagardotegia izan zen irabazlea; epaimahaiak sagardo ekoizle honek egiten duen sagardoaren kalitate analitiko eta organoleptikoa jarri zuen balioan.

Gipuzkoako 20 sagardogile lehiatu dira hogeita bigarren edizioan eta iaz bezala, aurten ere, lortutako puntuazioaren arabera bi kategoriatan banatu dira sagardoak: urrea jaso zuten 72 puntutik gora lortu duten sagardoek, eta zilarra 65 eta 72 puntu artean lortutakoek. Jarraian, urre kategoria lortu zuten sagardoen artean bigarren dastatze-fase bat egin zuten eta txapelduna aukeratu zuten.

Hori horrela, 2023ko edizioan hamabi izan ziren 65 puntutik gora lortu dituzten sagardo ekoizleak: Oiharte, Petritegi, Saizar eta Zelaiak zilarra lortu zuten. Urrea, berriz, Aburuza (Aduna), Akarregi, Alorrenea, Altzueta, Begiristain, Isastegi (Tolosa), Lizeaga eta  Zapiain sagardotegiek. Txapeldunetan txapeldun, baina, Zapiain sagardoa izan zen. Saritu guztiek euren botiletan, datorren urte osoan, zigilu bat eramateko aukera izango dute, urrezko eta zilarrezko sailkapena erakutsiko duena.

Urtero bezala, Aldundiko Fraisoro Laborategiko dastatzaileek osatutako epaimahaiak egin zuen sagardoen lehen aukeraketa, eta haiek izan ziren lehen sailkapenean urrea eta zilarra esleitzearen arduradunak. Aurrez, aurkeztutako sagardo guztiei egin zitzaien analisi fisiko-kimikoa, dastatze organoleptiko fasera pasatzeko proba hau gainditzea ezinbesteko baldintza baita. Bigarren fasean, urreen artean txapelduna aukeratzeko, aldiz, sagardotegiek beraiek proposatutako hiru pertsonek, Joxemi Aierbe, Haritz Rodriguez eta Mikel Rodriguez eta Fraisoroko dasta-paneleko hiru dastatzailek osatu zuten epaimahaia. Txapelduna aukeratzeko, lagin guztien alderdi analitikoa eta organoleptikoa aztertu zituzten, eta dastaketa-panelak zentzumenezko analisiak egiteko metodoa jarraitu zuen.

Aipamen berezia

Aurten, berrikuntza moduan, Sagardo Bereziei aipamen berezi bat egin zaie, haien lana eta esfortzua aitortzeko. Izan ere, 22 urteren ostean sagardo ekoizle batzuk bide berriak aztertzen dabiltza eta sagardo bereziak ekoizten, hala nola, monobarietalak, bibarietalak, egur eta ama gainean onduak edota lur-sail jakin bateko sagarrekin egindakoak, bertako sagarraren ezaugarriekin jokatuz eta sagardo zapore ezberdinak lortuz. Sagardo berezi hauek, gainera, jatetxeetan eta ardo berezi moduan kokatzen hasi dira.

Sagardogile hauei aipamen bat egin nahi izan zaie, eta beraien esfortzua aitortu. Honako hauek dira atal honetan dastatu diren sagardoak: Joanes de Zapiain (Zapiain sagardotegiarena), Suhar (Petritegi sagardotegiarena), Bikoa (Itxas-buru sagardotegiarena) eta Markesaren Lurra eta Haritz egurrean ondutako sagardoa (Oiharte sagardotegiarena). Sagardo berezi hauen artetik Oiharteren Markesaren Lurra sagardoak eskuratu du aipamenaren diploma.

Posizionamendua eta komertzializazioa

Sari banaketan, aurrera begira dituzten erronken berri eman zuen Unai Agirre Euskal Sagardoa jatorri-deiturako koordinatzaileak. «Datozen urteetan %100 Euskal Sagardoa izatea da helburua, eta bide horretan, sagasti gehiago landatzen jarraituko dugu. Bestetik, datozen 3-4 urteetan gure taberna eta jatetxeetan Euskal Sagardoaren presentzia areagotzea izango da beste erronka nagusi bat. Taberna eta jatetxeek sagardo kartak izatea da gure helburua, jendeak Euskal Sagardo desberdinak aukeran izan ditzan».

Agirrek gaineratu du jatorri-deitura urte askotako lanaren emaitza eta etorkizuneko apustua dela, sagarraren eta sagardoaren sektoreak eta erakunde publikoek elkarlanean egina.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!