Iñaki Muruak irabazi du Jose Mari Anzaren Oroimenezko XLV. Saria

Tolosaldeko Ataria 2023ko eka. 17a, 18:19

Laboral Kutxa taldeko txirrindulari altzotarrarentzat lehen garaipena izan da afizionatu mailan.

«Bost urte daramatzat kategorian lehian, eta azkenaldian inoiz baino gertuago nenbilen garaipenetik. Askotan besteentzako lana egitea tokatu zait eta ondo nagoenean nire aukerak aprobetxatzea», esan du Iñaki Muruak. «Azkenean lortu dut, benetan oso pozgarria da, eta gainera etxean izatea ikaragarria da, amestutako garaipena izan dela esan daiteke».

Ihesaldia nahiko goiz egin da, eta taldetxo bat joan da aurrera. Bertatik bi txirrindularik ihes egin dute azkeneko Larraizko igoeran, eta ondoren harrapatu egin dituzte Altzoko igoeran. Hor alde egin dute Laboral Kutxako Ander Ganzabalek eta Eiser-Hirumet taldeko Imanol Alvarezek, eta Altzoko herrigunetik aurretik pasa dira tartetxo batekin. Iñaki Muruak ondo baino hobeto ezagutzen duenez bere herriko errepidea, Txarama alderako jaitsieran ihes egin du taldetxotik eta aurreko biak harrapatu ditu. Hiruko horretan bi txirrindulari Laboral Kutxakoak zirenez, abantaila hori aprobetxatu dute eta Muruak erasoa jo du Amarotz auzotik pasatzen ari zirela, eta bakarrik iritsi da San Frantzisko etorbidean zegoen helmugara. Altzotarrak bi segundo atera dizkio hirukote bati: bere taldekide Ailetz Lasa bigarren izan da, hirugarren Imanol Alvarez eta laugarren Ander Ganzabal. 11 segundora beste zazpi txirrindulari iritsi dira eta horietan azkarrena Unai Zubeldia ibartarra izan da.

Beste sailkapenei dagokionez, mendiko irabazlea Iker Perez (Caja Rural-Alea) izan da eta taldeka Laboral Kutxak irabazi du. Guztira 110 txirrindularik parte hartu dute, eta Oriako Txirrindulari Eskolatik gustura azaldu dira proba nola joan den ikusita.

Unai Zubeldia, hirugarren Euskaldun Torneoan

Euskaldun Torneoa zegoen jokoan, baina lehen bi sailkatuak elkarri zaintzen joan dira eta azkenean ez dute punturik lortu. Beraz, Julen Arriola-Bengoa Caja Rural-Alea taldeko txirrindularia izan da torneo irabazi duena. Arriola-Bengoak garaipenik lortu ez duen arren, sendo ibili da hilabete hauetan zehar erregulartasun handia erakutsiz.

Bigarren postuan Iker Mintegi Laboral Kutxako txirrindularia sailkatu da. Mintegik asteburu askotan zehar lidergoa soinean izan zuen baina azken asteetan Arriola-Bengoak aurre hartu dio Espainiako Selekzioarekin lehiatzen ibili ostean. Hala ere, Mintegik garaipena eskuratu zuen Lazkao Proban, apirila amaieran.

Podiuma Laboral Kutxako Unai Zubeldiak borobildu du. Ibartarrak hainbat alditan zapaldu du podiuma eta baita bi garaipen lortu ere Berriatuan eta Lizarran.

Iñaki Muruaren argazkia sariekin: MARTIN EARLY

Erlazionatuak

Iñaki Muruaren garaipena iruditan

Tolosaldeko Ataria 2023 eka 19 Altzo   Tolosa

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!