Ertzaintzak hiru gizon atxilotu ditu Altzon eta Barakaldon, droga trafikoaren aurkako operazio batean

Ataria 2023ko ekainaren 15a

Hernialdeko baserri batera sartu direla ere esan du Ertzaintzak. Atxilotuek 35, 43 eta 44 urte dituzte. 

Gipuzkoako Ikerketa Kriminaleko Lurralde Zerbitzuak aurtengo urtarrilean hasi zuen droga hazkuntzaren, elaborazioaren eta trafikoaren ikerketa, eta joan den astelehenean, ekainaren 12an, amaitu zuen, epailearen aginduaren babesean Hernialdeko baserri batean sartu eta miaketa eginda.

Marihuana-plantazio baterako beharrezko material guztia aurkitu zutela esan dute Ertzaintzaren iturriek, baita substantziaren ekoizpenerako eta trafikorako behar den guztia ere: «Agenteek 1.000 landare, 20 kilo kukulu, haziak, erreaktiboak, sorgailuak, argiak, aireztapen-sistemak, zaintza-kamerak, berogailuak, substantzia kamuflatzeko latak, balastoak, landareak hazten laguntzeko argi-egiturak, doitasun-balantzak eta aire girotuko konpresore industrialak atzeman zituzten».

Polizia operazio horren barruan hiru pertsona atxilotu zituztela iragarri dute gaur. Horietako bat Altzon, eta beste bi Barakaldon. Polizia iturriek azaldu dutenez, «dirudienez, horiek arduratzen ziren lekua babestu, zaindu eta mantentzeaz, bai eta estupefazienteak banatzeaz ere. Bizkaian pertsonetako bat atxilotu zutenean, ertzainek hainbat substantzia atzeman zituzten, eta nabarmentzekoak dira 3 kilo kokaina eta 800 gramo metanfetamina (MDMA). Substantzia horien balioa kalean 180.000 eurokoa izango zen kokainaren kasuan eta 35.000 eurokoa metanfetaminaren kasuan 'txikizkako' salmentan».

Hiru atxilotuek polizia-aurrekariak dituztela esan dute Ertzaintzatik, «era horretako delituengatik». Ostegunean Tolosako Justizia Jauregian auziaz arduratzen ari zen Instrukzio Epaitegiaren eskuetan jarri zituzten atxilotuak, eta honek espetxean sartzeko agindua eman zuen.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!