Juniorrek urrea eta seniorrek zilarra

Imanol Garcia Landa 2023ko eka. 15a, 11:59

Unai Regillaga, Joseba Regillaga, Joseba Etxarri eta Unai Saralegi, dominekin.

Europako Judo Txapelketan, Nage No Katan, lehen postua lortu dute Joseba Regillagak eta Joseba Etxarrik, eta Unai Saralegik eta Unai Regillagak bigarrena.

Europako Judo Txapelketan lehiatu diren Tolosa Judo Klubeko bi bikoteak oso gutxigatik ez dira itzuli urrezko dominekin. Eslovenian jokatu zen Nage No Kata modalitateko txapelketa, astelehenean eta asteartean, eta senior mailako Unai Saralegik eta Unai Regillagak zilarrezko domina lortu zuten. Beraien hirugarrena jarraian da, eta puntu erdi batera geratu ziren lehen postutik. Junior mailako Joseba Regillaga eta Joseba Etxarri bikoarentzat lehen parte hartzea izan zen Europako Txapelketan, eta urrezko domina lortu zuten.

Astelehenean finalera sailkatzeko saioa izan zuten. Senior mailan bi multzo zeuden, bat zazpi bikotekoa eta bestea zortzikoa. Saralegi eta Regillaga bigarren horretan zeuden. Lehenengoak izan ziren saioa egiten eta ordubete egon behar izan zuten zain beste bikoteen emaitzak jakiteko. «Tentsio handiarekin bizitu genuen, hiru bikote pasatzen zirelako finalerako, eta hirugarren postuan jarri ginen oraindik beste hiru bikoteren saioa falta zenean», esan du Saralegik. Pasa ziren finalera, eta bertan sei bikote lehiatu ziren. «Guk garbi genuen aurreko urtekoa behintzat berdindu egin behar genuela, hau da, gutxienez bigarren egin behar genuela», esan du Unai Regillagak. «Presioa bagenuen, gure aurretik gazteak txapeldun geratu zirelako, baina azkenean 0,5 puntugatik bigarren geratu ginen». Iaz txapeldun izan ziren bi anai alemaniarrak ere aurten aurkari gogorrak izan direla azaldu du Saralegik. «Hiru aldiz jarraian izan gara txapeldunorde; ea gure klubeko gaztetxoek lortu duten postua lortzen dugun hurrengoan».

Sekulako lorpena izan da junior mailako Regillaga eta Etxarrirentzat urrezko domina lortzea. Sailkapen saioan multzo bakarra zuten eta lehen lau bikoteak pasa ziren finalera. «Nahiko lasai egon ginen saio horretan», esan du Etxarrik. Finalean beren kata onena egiten saiatu ziren, besteen emaitzak ikusi gabe. «Gurea egin ondoren, frantziarren aurretik jarri ginela ikusi genuen», esan du Joseba Regillagak. «Ondoren poloniarrek egin behar zuten saioa, sailkapenean lehen postuan geratu zirenak, baina gure atzetik geratu ziren finalean». Biek eskertu diete senior mailakoei: «Irakasle oso onak izan dira».

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!