«Legeak ematen digun babesetik harago jo behar dugu»

Jon Miranda Labaien 2023ko eka. 14a, 07:59

Galtzaundik Behatokiarekin lankidetzan 'Herritarron hizkuntza eskubideak auzitan' hitzaldi sorta antolatu du eskualdeko hiru herritan; gaur, Villabonako Subijana etxean ariko da Agurne Gaubeka Hizkuntza Eskubideen Behatokiko zuzendaria, 19:00etatik aurrera.

Euskaldunen eta euskaltzaleen kontzientziazioan eragiteko helburuz, Hizkuntza Eskubideen Behatokiarekin batera hitzaldi sorta antolatu du Galtzaundi euskara taldeak. Hizkuntza eskubideen urraketak eta oztopo horiek gainditzeko gakoak azalduko ditu Behatokiko zuzendari Agurne Gaubekak (Bermeo, 1984), gaur Villabonan, eta ekainaren 21ean, 18:30ean, Irurako herri eskolan.

Zein helbururekin antolatu dituzue hitzaldi hauek Tolosaldean?

Gaur egungo egoera azaleratu nahi dugu saio hauetan. Euskal Herri mailan, eta eremu ezberdinetan, egungo egoeraren argazkia atera nahi dugu, sektorez sektore. Herritarrek euskara behar bezainbeste ez dutela erabiltzen entzuten dugu askotan, baina ez dugu hainbestetan aipatzen euskaraz bizitzeko oztopoak non dauden.

Zein esparrutan ematen da urraketa gehien?

Eremu askotan ematen dira. Justizia administrazioan, osasungintzan, poliziarekiko harremanetan edota Espainiako gobernuaren menpeko administrazioarekiko eginbideetan. Beste hainbat arlotan ere ematen dira urraketak. Herritarrek adierazi izan digute zuzenean zerbitzua gaztelaniaz jasotzen dutenez, eta zerbitzua euskaraz eskatzeagatik azkenean albo kalteak jasaten dituztenez, azkenerako ez dutela euskarazko zerbitzua eskatu ere egiten.

Badugu nahikoa kontzientzia euskaldunok geure hizkuntza eskubideak eskatzeko?

Egia da nekagarria dela. Asko kostatzen zaigu beti protestaka ibili behar izatea eta kexak jartzen jardutea. Guk Behatokitik beti esaten dugu legeak ematen digun babesetik harago jo behar dugula. Euskaraz bizitzeko eskubidea beti dugu eta horren defentsa egin behar dugu, euskararen lurralde osoan gainera. Legeak aldatu nahi baditugu, behetik gorako ariketa hori egin beharra dago. Herritarrek bultzatu behar dituzte aldaketak.

Zenbateraino da ahula hiztunok dugun lege babesa?

Horrelako hitzaldiak eman izan ditugunean herritarrek askotan agertu izan dute haserrea, azkenaldiko oldarraldi judizialarekin, edo lanpostu publikoetarako hizkuntza-eskakizunak zalantzan jartzearekin. Ulertzekoa da jarrera hori, lege babesa izanagatik, urratzeak gertatzen direnean arduradunek ez dituztelako ondorioak pairatzen. Ez-betetzeen aurrean legeak ez du isunik edo xehapenik jartzen. Frustragarria izan daiteke egoera, baina sinetsi behar dugu gure eragiteko ahalmenean. Urraketa horiek salatzea da bideetako bat.

Horretarako tresna da Hizkuntza Eskubideen Behatokia?

Bai. Beti esaten dugu herritarrek osatzen dutela Behatokia. Herritarren determinazio gabe ez lirateke hainbat aldaketa emango. Euskararen telefonoa zerbitzua dugu herritarren eskura. Bertan urraketen berri eman, kexa bat jarri edo norbait zoriontzeko aukera ematen dugu. Internetetik ondo moldatzen ez direnentzat 948 14 61 72 telefonoa daukagu aukeran. Guk datua jaso, eta herritarren anonimotasuna ziurtatuz, urraketa egin duen entitateari helarazten diogu kexa. Gure esku dagoen guztia egiten dugu aldaketak eman daitezen eta herritar horri zerbitzua aurrerantzean euskaraz eskaini diezaioten.

Gehiago ahaldundu beharko genuke euskal hiztunok?

Ez dago formula magikorik. Uste dut gakoa ahalduntzea dela. Herritarrok gizartearen alor ezberdinetan parte hartzen dugu eta erabiltzaile edo kontsumitzaile bezala badugu eragiteko ahalmena, aldaketa eragiteko mikro-boterea, esan dezagun. Baliatu dezagun. Erakundeei eskatu behar zaizkie aldaketak gure hizkuntza eskubideak berma daitezen, baina herritarrok asko dugu egiteko, eskatzeko, eta batez ere, eragiteko.

Eskean ibiltzea ez da beti erosoena, ordea.

Horrela da. Duela egun gutxi zuen eskualdeko hautetsi batek gurean salatu du Tolosako epaitegiko hauteskunde batzordean, udal hautetsien kredentzialak biltzera joan, eta eskaera-orria erdara hutsean eman diotela. Egunero-egunero gertatzen dira horrelakoak, baita legez babestuetako eremu euskaldunenetan ere. Tolosaldea bezalako eremu euskaldunetan gertatzen da eskubideekiko kontzientzia ez dela hain bizia izaten. Baina, hala ere, bertako herritarrek jakin behar dute, euren jarduera guztietan euskara erabiltzeko eskubidea dutela. Zerbitzuak, kontratuak, fakturak, administrazioarekiko eginbideak edota osasungintzari lotutakoak euskaraz egin ditzaketela.

Ohiturak aldatzea asko kostatzen al da?

Kontzientzia hartu behar dugu horretarako. Ohitu egin gaituzte zuzenean gaztelania edo ingelesa erabiltzera. Gure ardura ere bada parean dugunari beste hizkuntza bat badela ikusaraztea, ofiziala dena eta erabateko berdintasuna duena. Eskubideez ari gara. Gutxitutako hizkuntza da gurea eta beste zenbait eskubiderekin gertatzen den bezala, hizkuntzarenean ere ekitate neurriak naturaltasun handiagoz hartu behar genituzke.

Zeinentzat izan daitezke interesgarriak hitzaldi hauek?

Saiatzen gara adin guztietako herritarretara moldatzen eta erraz ulertzeko adibideak ematen. Legeak aipatzen ditugu, baina saiatzen gara herriko adibidetara ekartzen. Animatuko nituzke baita gazteak ere askotan haiengan jartzen baita arreta. Euskara ez dutela erabiltzen eta erdararako joera handia dutela esaten da. Baina zein espazio dute gazteek euskaraz bizi ahal izateko? Zer aldatu behar dugu gazte hauek ere euskararen aldeko hautua egin dezaten naturaltasunez? Gazteekin batera egin nahi genuke gogoeta hori.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!