Desfribiladoreak erabiltzen ikasteko formazio saioak egingo dituzte Amezketan eta Ibarran

Ataria 2023ko eka. 13a, 07:58

Bi herrietako udalek antolatuta, aste honetan eta hurrengoan izango dira saio irekiak herritarrentzat. Ikastaroak behar bezala antolatzeko, aurrez izena emateko eskatu dute.

Duela urte batzuk Amezketako Udalak Kanpoko Desfibriladore Automatiko bat eskuratu zuen, udaletxean dagoena. Aparatu hau ohikoa bihurtu da hainbat herrietako eremu publikoetan (Euskal Autonomia Erkidegoan 1.500 aparatu inguru daude erregistratuta), eta pertsona batek bihotzeko edo geldialdi kardiako bat sufritzen duenean erabiltzen da bihotzaren erritmo bideragarria berrezartzeko.

Desfibriladorearen erabilpena zaila ez bada ere, beharrezkoak dira oinarrizko ezagutza batzuk bere erabilpenerako. Ezagutzarik gabe erabiltzeak mesede baino kalte egin dezake egoera larri batean. Horregatik, Amezketako Udalak, duela urte batzuk bezala, eta herriko osasun zentroko mediku eta erizainarekin elkarlanean, ordubeteko bi ikastaro labur antolatu ditu desfibriladoreak zuzen erabiltzen ikasteko, biak ere herritar guztiei irekiak.

Ikastaro labur hauek ekainaren 15ean, ostegunean, egingo dira kultur etxeko areto nagusian, lehen taldearentzat 17:00etatik 18:00etara, eta bigarren taldearentzat, jarraian, 18:00etatik 19:00etara. Saioak Amezketako Osasun Zentroko mediku eta erizainak emango dituzte. Ikastaro hau ondo antolatze aldera, saio bakoitzean gehienez 6-10 lagun bitartean izan beharko direla aurreratu dute udaletik. Hori dela eta, ikastaroan parte hartzera animatzen diren herritarrek ekainaren 15eko eguerdia baino lehen eman beharko dute izena, udaletxera bertaratuz, deituz (943 653 189) edo e-mailez (udala@amezketa.eus).

Ibarran, 13 plaza libre

Bestetik, desfibriladoreen erabileran eta bihotz-biriketako bizkortzean oinarritutako doako hiru formazio saio egingo dituzte Ibarran, udalak antolatuta. Ibaigain kaleko Txontxo aretoan izango dira, ondorengo egun eta orduetan:

  • Ekainak 15, osteguna: 17:00.
  • Ekainak 16, ostirala: 9:00.
  • Ekainak 23, ostirala: 9:00.

Jada 30 lagun inguruk eman dute izena saio horietarako, eta soilik azkenengorako geratzen dira plaza libreak. Esteka honetan eman daiteke izena.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!