Plastikoa, bizidunon amesgaizto berria?

Laskorain Ikastola. DBH 4. maila 2023ko eka. 16a, 07:58

Laskorain Ikastolako DBH 4. mailako ikasleen artikulua da honakoa. Haizea Mozok, Maddi Zubeldiak, Anne Gomarak, Leire Pradosek eta Martina Auzmendik itsas hondakinen eta plastiko pilaketaren arazoaz kontzientzia piztea dute helburu.

Itsas hondakinak eta, bereziki, plastikoen pilaketa-arazoa mundu mailako arazo larrienetarikoa da, klima-aldaketarekin, ozeanoaren azidotzearekin eta biodibertsitatearen galerarekin batera. Arazo larri hori ez da berria, 1992an komunitate zientifikoak lehen abisua eman zion gizarteari. Gure bizimodua planetarekin eta geure buruarekin amaitzeko bidean da. Bigarren abisua 2018an iritsi zen. Eman zituzten datuen arabera, lurra eta bizitza kudeatzen dugun modua erabat aldatu behar dugu, laster beranduegi izango baita porrot egin dugun ibilbidetik aldentzeko, eta denbora agortzen ari da. Gure ikerketa, Mater fundazioak proposatutako Itsas Hondakinen Erronkan parte hartzeko proiektu bat da. Eta gu gehienbat, plastikozko poltsetan oinarritu gara, gure eguneroko bizitzan oso ohikoa den produktu bat delako.

Itsas hondakina jatorri antropikoa duen edozein solido iraunkor da, ingurumenean baztertuta edota utzita dagoena. Gaur egungo plastikoek ingurumenarekiko egiten duten inpaktua minutuko kamioi bat plastikokoa da gutxi gorabehera. Itsas hondakinen materialen %83,7 plastikoa da, eta horietatik lehen hamarretan daude plastikozko poltsak.

Gehienetan, plastikozko poltsak erabilera bakarreko produktuak dira. 10-20 urte inguruan desintegratzen dira, baina ez dira inoiz desagertzen. Produktu hau LDPE plastiko mota da, eta oraindik ez da ikerketarik egin, produktu hau birziklatzea segurua den ala ez ziurtatzeko. Esan beharra dago plastikozko poltsak birziklagarriak direla, eta kontsumitzen dugun kantitate guztia ez birziklatu arren, aurrerapen handia egin dela hori hobetzeko.

Plastikozko poltsek eta itsas hondakinen kontsumoak, oso ondorio larriak ekartzen dituzte. Arazo batzuk identifikatzeko gai garen arren (ekosistemen suntsipena, espazio inbaditzaileen garraioa...), asko dira gure begiekin identifikatu ezin ditugunak. Horien artean esanguratsuenak kostu sozioekonomikoak dira. Kaleetako eta hondartzetako garbiketek, estolden eta saneamenduen mantenuak eta beste hainbat beharrek Europar Batasuneko ekonomiarentzat 259-695 milioi euro arteko inpaktu ekonomikoa dutela kalkulatu dute adituek.

Beste arazo kezkagarri bat izaki bizidunen korapilatzea eta ahoratzea da. Azkenaldian, gero eta ikerketa gehiago daude eta jada mikroplastikoak topatu dituzte izaki bizidunon gernuan, gorotzetan eta odolean. Itsasoko espezieek guk sortzen dugun plastikoa jaten dute, animalia txikienetik hasi eta handienetara. Halaber, kate trofikoen bidez guk jaten ditugun arrainetara iritsi da kutsadura hau. Elikadura ez da plastikoaren biktima bilakatzen gaituen iturri bakarra; arnasten dugun aireko hautsaren bidez edo iturri eta botiletako uraren bidez ere irensten dugu plastikoa. Itsasoko animalietan, barne lesioak, asetasun zentzu faltsua, heriotza, elikadura- hazkunde- eta mugikortasun- tasaren murrizketa oso nabarmenak bihurtu dira. Nork daki hemendik urte batzuetara guri halakorik gertatuko zaigun; izan ere, ikerketen arabera, estimatu den moduan, 2050. urtean arrain baino plastiko gehiago egongo da itsasoan.

 

2050. urtean arrain baino plastiko gehiago egongo da itsasoan

 

Horri konponbide egokia ematea zaila izan arren, gizartearen eskuetan hainbat erabaki garrantzitsu daude. Kanpaina askok birziklatzea konponbide eraginkor moduan saltzen duten arren, muga asko ditu. Birziklatze prozesua oso toxikoa izateaz gain, gaur egun ditugun industriak eta teknologiak ez daude nahikoa garatuta; hain zuzen ere, sortzen den zaborraren %9 besterik ez da birziklatzen. Gure iritziz, plastikozko poltsen kontsumoa gutxitzeko modu aproposena plastikozko poltsei gaur egun ematen zaien erabilera ikusita, egokiena erabilera hori murriztea da; hau da, telazko boltsak edo kutsakorra ez den eta berrerabilgarria den beste material batez eginiko poltsak erabiltzea. Artikulu honen helburua, irakurleak kontzientziatzea eta guk proposatutako nahiz beste konponbideren bat euren eguneroko bizitzetan aplikatzea da. Jada berandu gabiltza arazo hau guztiz konpontzeko, baina okerrera ez joatea gure esku dago.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!