Igandeko Pentatloi Txapelketa 17:30ean hasiko da

Tolosaldeko Ataria 2023ko eka. 8a, 19:00

Mahala Binakako Euskal Pentatloi Txapelketaren IV. edizioa jokatuko da Tolosako zezen plazan. Bederatzi bikote ariko dira lehian; hiru nesketan eta sei mutiletan.

Finalari hasiera ematen emakumezkoak izango dira. Bikoteak Nerea Arruti eta Amalur Arbelaitz, Lucia Orbe eta Julia Martinez, eta Oihana Barrena eta Lur Errekondo izango dira. Harriari 20 jasoaldi emango dizkiote, giza proban bi plaza egingo dituzte, aizkoran 45 ontzako bi egur ebakiko dituzte, txingekin sei plaza osatuko dituzte eta korrika bi kilometro egingo dituzte.

Gizonezkoen bikoteak ondorengoak izango dira: Andoni Iruretagoiena eta Xabat Olaizola, Xabier zaldua eta Aratz Mugertza, Ioritz Gisasola eta Jon Gisasola, Julen Gabirondo eta Beñat Telleria, Aritz Irazabal eta Benat Amade, eta Julen Kañamares eta Jagoba Otaegi. Bi txandetan ariko dira, bakoitzean hiru bikote, eta zozketa bidez erabakiko dira nola parte hartuko duten. Harriarekin 40 jasoaldi egin beharko dituzte, giza proban 4 plaza, aizkoran 4 kanaerdiko ebaki, txingekin 8 plaza eta korrika 4 kilometro.

Sarrerak aurretik Tolosako Kantabriko tabernan erosi daitezke eta bizum bidez 607 44 39 29 telefono zenbakian. Bestalde, ohi bezala, egunean bertan zezen plazako leihatilan egongo dira salgai.

Erlazionatuak

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!