Ordezkaririk gabe geratu da eskualdea finalerdietan

Ataria 2023ko ekainaren 8a

Heriartekoan parte hartu duten Anoetako pilotariak.

Herriarteko Pilota Txapelketan ez dute aurrera egin lehian ari ziren Anoetak, Altzok eta Amezketak.

Herriarteko Pilota Txapelketa eskualdeko herrien ordezkaritzarik gabe geratu da, lehian ari ziren hiru herriek beren kanporaketa galdu eta gero. Anoetak zuen aukera gehien aurrera egiteko, gomazko paleta modalitatean, joanekoan 2 partida irabazi eta bat galdu zuelako. Baina mutrikuarrek etxean hiru partidak irabazi eta finalerdietarako txartela lortu zuten. Banaka 20-9, binaka 20-12 eta banaka 7 koadroetan 20-17 izan ziren markagailuak. Mutrikuk Hernaniren aurka jokatuko du finalerdia.

Beste bi herriak eskuzko modalitatean ari ziren lehiatzen. Altzo final-hamaseirenetan hasi zen lehian eta Bergarari irabazi zion. Ondoren, final-zortzirenetan Hernaniren aurka gailendu zen, baina hirugarren kanporaketa ezin izan du gainditu. Ataun izan du aurkari final-laurdenetan, eta kanpoan 2-1 galdu ondoren, etxean asteburuan jokatutako kanporaketan ere 1-2 galdu zuen. Ataunek Oiartzunen aurka jokatuko du finalerdietako kanporaketa.

Amezketak izan du kanporaketa zailena, Azpeitia egokitu baitzaio final-laurdenetan. Oñatiri irabazi zion final-zortzirenetan, baina Azpeitia oso aurkari gogorra da, eta joaneko kanporaketako hiru partidak zein itzulerako hirurak galdu zituen Amezketak.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!