Eñaut Uson eskalatzaile ibartarrak Espainiako Kopa irabazi du

Tolosaldeko Ataria 2023ko eka. 8a, 12:00

13 urte besterik ez ditu, eta 14 urtez azpikoen mailan lortu du garaipena, Madrilen jokatu berri den hirugarren eta azken proba irabazi ondoren. Intza Elizalde tolosarra bigarren izan da emakumezkoetan, 18 urtez azpikoen mailan.

Eñaut Uson Ibarrako eskalatzaile gazteak garaipen handiak lortzen jarraitzen du. Pasa den asteburuan, Madrilgo Juan Carlos I Parkean, 2023ko Eskaladako Espainiako Kopako hirugarren eta azken proba jokatu zen, boulder modalitatean. 14 urtez azpikoen mailan, Uson izan zen onena beste behin. Aurrez, Cuencan jokatutako bigarren proban ere garaipena lortu zuen, eta bertan Espainiako Kopako lider berria bihurtu zen. Madrilen, beraz, bere nagusitasuna erdietsi du. «Berriro erakutsi zuen onena zela, eta ez zien aurkariei aukerarik eman, finalean 4 top lortu baitzituen, Madrilen eta sailkapen nagusian podiumaren gorenera igotzeko», adierazi dute Euskal Selekzioko ordezkariek. Gauzak horrela, iaz lortutako emaitza onei jarraipena eman die aurten Usonek.

Emakumezkoetan, 16 urteko Intza Elizalde tolosarrak ere emaitza bikaina lortu du aurten. Bigarren postuan amaitu du Espainiako Kopa, 18 urtez azpikoen mailan. Lehen jardunaldian, Oviedon, garaipena eskuratu zuen. Hala ere, hurrengo bietan podiumetik kanpo geratu zen; bigarren proban, Cuencan, laugarren izan zen, eta hirugarren eta azken jardunaldian, Madrilen, bosgarren sailkatu zen. «Azpimarratzekoa da egin duena. Madrilen sailkapen-fase bikaina egin ondoren, finalean sufritzen jakin zuen», esan dute selekzioko ordezkariek.

Maila berean, 15 urteko Elur Arteaga tolosarrak seigarren amaitu du Espainiako Kopa. Aurten hasi da estatu mailako txapelketetan parte hartzen, gainera, maila bat goragoko eskalatzaileekin batera, eta estreinaldi bikaina izan du. Oviedon seigarren izan zen, Cuencan meritu handiko bigarren postua lortu zuen, eta azkenik, Madrilgo proban bederatzigarren izan zen tolosarra.

Azkenik, emakumezkoetan baita ere, 13 urteko Udane Mujika eskalatzaile elduaindarrak zortzigarren amaitu du 16 urtez azpikoen mailan. Mujika zortzigarren izan zen Oviedon, hamahirugarren Cuencan, eta berriro ere zortzigarren Madrilen.

Euskal Selekzioarekin parte hartu dute eskualdeko eskalatzaileek Espainiako Kopan. Emakumezkoetan, selekzioak bigarren postuan amaitu du sailkapen orokorrean; gizonezkoetan, berriz, laugarren izan da.

Eskualdeko eskalatzaileek irailean eta urrian jokatuko dituzte hurrengo probak, zailtasun modalitateko Espainiako Kopako hiru jardunaldiak eta modalitate guztietako Espainiako Txapelketak.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!