Boluntarioak eskatu dituzte Frantziako Tourra eskualdetik igarotzen denerako

Ataria 2023ko eka. 6a, 16:00

2023ko Euskal Herriko Itzulian izan ziren azken aldiz munduko txirrindulari onenetakoak euskal errepideetan.

Uztailaren 2an igaroko da Frantziako Tourra Tolosaldetik, aurtengo edizioko bigarren etapan. Lasterketan boluntario gisa parte hartu nahi duenak 'Tour Lagunak' taldean eman dezake izena, ekainaren 11 baino lehen. 

Gasteiztik abiatu eta Donostian amaituko da 2023ko Frantziako Tourreko bigarren etapa, uztailaren 2an, igandez. Bezperan, Bilbon abiatuko da hiru asteko itzuli entzutetsua; Bizkaiko hiriburuan hasi eta amaituko da lehen etapa. Biharamunean, berriz, Amorebieta-Etxanon hasi eta Baionan amaituko da hirugarren etapa. Ondorioz, aurtengo edizioko lehen hiru etapetan Euskal Herriko errepideetan ibiliko dira munduko txirrindulari onenak.

Bada, uztailaren 2ko etapan, eskualdea zeharkatuko dute txirrindulariek. Hain zuzen, Goierritik sartuko da Tourra Tolosaldean. Zaldibiatik Larraitzera igo ondoren, Abaltzisketatik eta Amezketatik igaro eta Alegiara jaitsiko dira. Ondoren, Altzora igoko dira, Txarama auzora jaitsi eta segidan Tolosa zeharkatzeko. Tolosatik Anoetara joango dira, eta bertan hasiko dute eguneko igoera gogorrenetako bat: Alkizarako igoera (mendate puntuagarria). Handik Asteasu eta Zizurkil lotzen dituen errepidera jaitsiko dira, eta azkenik, Adunako industriaguneen ondotik Andoainerako bidea hartuko dute.

Lasterketa igaro aurreko publizitate-karabanaz ere gozatzeko aukera eskainiko du Tourrak, izan ere, ordu luzez luzatuko den festa handia izango da eskualdearentzat zein bertako herritarrentzat; karabana txirrindulariak igaro baino bi ordu lehenago igaroko da.

Herri bakoitzetik igaroko den ordua, gutxi gorabehera (43 kilometro orduko bataz besteko abiaduran):

  • 15:06. Larraitz (Abaltzisketa).
  • 15:08. Abaltzisketa.
  • 15:12. Amezketa.
  • 15:15. Ugarte (Amezketa).
  • 15:20. Alegia (herrigunetik pasa gabe, GI-2133-GI-3620).
  • 15:21. Altzo.
  • 15:26. Txarama (GI-3620-GI-2135).
  • 15:28. Tolosa (GI-2135-GI-2130-Herrigunea-GI-3650).
  • 15:35. Anoeta (GI-3650-GI-3630).
  • 15:40. Arana Bailara (Alkiza, GI-3630).
  • 15:41. Alkiza (3. mailako mendatea).
  • 15:45. Azaldegi bailara (Alkiza).
  • 15:47. Asteasu (herrigunetik pasa gabe, GI-3630-GI-2631).
  • 15:50. Zizurkil (GI-2631-GI-3610).
  • 15:53. Uparan industriagunea (Aduna).
  • 15:54. Erribera industriagunea (Aduna).

Ezohiko ekitaldi honek, baina, aldaketak eragingo ditu kale zein errepideetan (trafikoari itxitako kaleak, ordutegiak…). Datozen asteetan emango dute horien berri, baina aurreratu dutenez, errepideak gutxienez lau orduz egongo dira itxita. Kontuan izan behar da, txirrindulariez gain, 600 ibilgailu inguru eta 200 motozikleta ere igaroko direla. Hori dela eta, antolatzaileek garbi utzi nahi izan dute errepidea erabat itxiko dela, ezin izango dela ezertarako gurutzatu, ez ibilgailuan, ezta oinez ere, eta larrialdiren baten kasuan, antolatzaileek horretarako protokoloa prestatu dutela.

100 boluntario baino gehiago

Tourraren antolaketak lan handia dakar, horregatik, guztia aurrera eraman ahal izateko, jardunaldi honetan boluntario gisa parte hartu nahi dutenek ere izango dute horretarako aukera, Tour Lagunak taldearen bitartez. 

Tour Lagunak herritarren lankidetza sustatzeko ekimena da. Talde honetako parte-hartzaileak errepideetako etapen ibilbidean egongo dira, boluntario gisa. Besteak beste, Tolosan 76 Tour Lagun behar dituzte, Alegian 10 puntutan beharko da zaintza eta antolakuntzak 20 boluntarioren kopurura iritsi nahi du, eta Amezketan, 12 puntu izango dituzte zaintzeko, eta 26 Tour Lagun behar dituzte.

Hori horrela, interesa duenak esteka honetan eman dezake izena, ekainaren 11 baino lehen. Galdetegian, 2. etaparen laukitxoa aukeratu behar da, ondoren, udalerriaren izena jarri behar da, eta azkenik, bakoitzaren datu pertsonalak idatzi behar dira. Zalantzarik izanez gero, tourlagunak@euskadi.eus helbidera idatzi edo 625 709 994 edo 944 205 309 telefono zenbakietara deitu daiteke. 

Frantziako Tourreko bigarren etaparen profila eta bideoa:

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!