Eskualdeko korrikalarien garaipenak, asteburuko lasterketetan

Tolosaldeko Ataria 2023ko eka. 5a, 20:00

Goar Lopetegi ibartarra txapeldun izan da Andorrako Travessa d'Encamp lasterketetako 84 kilometroko proban, Laiane Arrospide tolosarrak errelebokako proba irabazi du Euskal Herria Mendi Erronka lasterketan eta Joseba Olaetxea tolosarra garaile izan da Donostiako Amara Berri auzoko krosean.

Goar Lopetegik garaipen handia eskuratu zuen larunbatean. Domusa Teknik taldeko korrikalari ibartarrak Andorrako mendi lasterketa zaharreneko proba bat irabazi zuen, hain justu, Travessa d'Encamp lasterketetako 84 kilometroko proba. Aurten, 40. edizioa ospatu dute.

Lopetegik erritmo bizkorra ezarri zuen lehen kilometroetan, eta lehen kontrol gunean, bost minutuko aldea ateratzen zion bigarren postuan zegoen lasterkariari. Hurrengo kilometroetan abantaila handitzen joan zen ibartarra, nahiz eta ez zuen lasaitasun osoz irabazi. Izan ere, azken kilometroetan, proba bigarren postuan amaitu zuen Arnau Segui Moll lasterkariak aldea murriztea lortu zuen, eta helmugan, 19 segundoko aldea besterik ez zen izan bi korrikalarien artean. Lopetegik, 11.12.54ko denbora egin zuen eta Seguik 11.13.13koa. Pere Montserrat Lope izan zen hirugarren, Lopetegirengandik ia 7 minutura (11.19.51).

Arrospide txapeldun, erreleboka

Euskal Herria Mendi Erronka aldarrikapena eta euskal mendizaletasuna uztartzen dituen 67 kilometroko ultra trail lasterketa ere jokatu da asteburuan. Bi proba izan ziren, bakarkakoa eta errelebokakoa. Bietan, eskualdeko korrikalari bana izan zen podiumean. Errelebokako lasterketan, Soronea-Ammma taldeko Laiane Arrospide tolosarrak garaipena eskuratu zuen, Iñigo Larrarterekin bikotea osatuz (7.39.29). Ander Erize eta Aran Perez de Arenaza izan ziren bigarren (7.43.10), eta Joanes Txurruka eta Naia Aleson hirugarren (7.53.15).

Olano, garaipenetik gertu

Bestetik, bakarkako lasterketan, Soronea-Ammma taldeko Iñaki Olano altzotarra bigarren izan zen (6.38.37), Lezoko Ander Iñarra irabazlearengandik (6.34.23) lau minutu pasatxora helmugaratuta. Aritza Craamer leitzarra izan zen hirugarren (6.59.14). Proba berean, Iban Agirrezabala berastegiarra 10. izan zen (7.34.31). Proba horren barruan, kilometro bertikala ere jokatu zen, eta lasterketako podiumean izan ziren korrikalariak izan ziren lehen hiru postuetan. Iñarra izan zen azkarrena modalitate horretan (54.54), Craamerren (55.22) eta Olanoren aurretik (56.38).

Zubillaga hirugarren, Irati Trailen

Egun berean, Irati-Abodi Mendi Gunean, Irati Trail lasterketaren 10. edizioa jokatu zen. Emakumezkoetan, Soronea-Ammma taldeko Oihana Zubillaga anoetarra hirugarren postuan helmugaratu zen (3.52.38). Ainara Alcuaz izan zen garailea (3.43.55) eta Silvia Maria Piera bigarren (3.52.03).

Amara Berrin, eskualdekoak nagusi

Larunbatean baita ere, Donostiako Amara Berri auzoan, VIII. Euskararen Aldeko Krosa jokatu zen. Bertan, Joseba Olaetxea tolosarra izan zen garaile, eta Tolosaldeko korrikalari ugari sailkatu ziren lehen postuetan, hain zuzen, sei tolosar eta anoetar bat lehen bederatzien artean. Olaetxeak, 18 minutu eta 54 segundo behar izan zituen 6 kilometroko ibilbidea burutzeko. Oier Saldias (19.51) eta Iker Manso (19.57) herrikideak izan ziren bigarren eta hirugarren, hurrenez hurren. Andoni Saldias anoetarra izan zen laugarren (20.14) eta Beñat Azaldegi tolosarra bosgarren (20.35). Lasterketa berean, Beñat Ostra eta Ion Artutxa tolosarrak zortzigarren eta bederatzigarren izan ziren, hurrenez hurren.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!