Eskualdekoak bikain, Euskal Herriko Eskolartekoan

Ataria 2023ko ekainaren 3a

Euskal Herriko Eskolartekoan aritu diren hamar bertsolariak. Bertsozale elkartea

Haira Aizpurua lapurtarrak irabazi du bigarrengoz; finalean lehiatu dira Harituzeko bertso eskoletan aritzen diren June Aiestaran eta Danel Etxeberria, eta bigarren zatira sailkatu dira.

Iurretako frontoian jokatu da 35. Euskal Herriko Eskolartekoa, 180 pertsona ingururen aurrean. Bertan aritu dira kantuan hamar bertsolari, lurralde ezberdinetako ordezkari. Arabatik, Maddi Agirre eta Sabin Abarrategi aritu dira; Bizkaitik Haizea Telleria eta Ixone Asategi; Gipuzpoatik, Harituzeko bertso eskoletan aritzen diren June Aiestaran beasaindarra eta Danel Etxeberria tolosarra; Lapurditik, Haira Aizpurua eta Ibai Lekuona; eta Nafarroatik, Kattin Madariaga eta Eki Mateorena. Bada, azkenean Haira Aizpurua lapurtarra izan da txapela jantzi duena. Bigarrengoz jantzi du, 2021eko txapelketa ere berak irabazi baitzuen. Bigarren postuan geratu da Eki Mateorena leitzarra.

Harituzeko bi ordezkariak finaleko bigarren zatira sailkatu dira, txapeldunarekin eta txapeldunordearekin eta Kattin Madariaga eta Maddi Agirrerekin batera. Harituz Tolosaldeko bertsozale elkarguneak irabazleak nahiz eskualdeko bertsolariak zoriondu ditu egindako lanarengatik.

Urte hasieran abiatu zen 35. Eskolartekoa, eta ekainera bitarte lurraldeetako txapelketak jokatu dituzte; Bertsozale elkartetik azaldu dutenez, ia ehun bertsolari gaztek hartu dute parte lurraldeetako Eskolartekoetan. 14 eta 18 urte bitarteko gazteei jendaurrean bertsotan aritzeko plaza eskaintzea eta zaletasuna bultzatzea du helburu Eskolartekoak.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!