ELKARRIZKETA

«Txapelak ondo bordatu nahi badituzu, denbora eskatzen duen lana da»

Imanol Garcia Landa 2023ko eka. 3a, 07:59
Alejandro Moralesek Udalatx Trofeoak gidatzen du. I.G.L.

Alejandro Moralesek bere kabuz zerbait jarri nahi zuen martxan eta garaikurren munduan sartzea erabaki zuen. Txapelak bordatzerakoan kalitateari eta gauzak ondo egiteari ematen dio garrantzia.

Alejandro Morales (Asteasu, 1970) orain 11 urte hasi zen txapelak bordatzen eta garaikurrak egiten, Udalatx Trofeoak izenarekin. Tolosako Letxuga kalean dauka lokala eta bertan egiten ditu bere lanak. Besteak beste, VII. Ataria Pilota Topaketako garaikurrak berak egingo ditu.

Nola hasi zinen ofizio honetan?

Lehen, enkofratzaile bezala egiten nuen lan eraikuntzan, eta arlo hori jaisten hasi zen. Banuen gogoa nire kabuz zerbait egiteko, eta kirola asko gustatzen zaidanez, horrekin lotura zuen zerbait aztertzen hasi nintzen, eta azkenean garaikurren eta txapelen kontuarekin hasi nintzen. Txapelak gainera Tolosarekin lotura handia du, Boinas Elosegui enpresaren bitartez.

Lokalean bertan bordatzen dituzu txapelak?

Bai, makina bertan dut. Hasieran ez nekien nola erabiltzen zen, eta ikasi egin behar izan nuen. Ikusten nuen egokiagoa zela nik neuk egitea bordatzearen lana, eta ez bitartekari moduan aritzea. Horrela hasi nintzen, eta ordu asko sartu behar izan nituen bordatzearen lana egoki ikasteko. Garaikurren txapak ere bertan egiten ditugu. Horretan Imanol semeak laguntzen dit. Ni txapelak bordatzen aritzen naiz, horrek eskatzen duelako lan gehiena. Ondo egin nahi baduzu, denbora eskatzen du lan horrek.



Zenbat denbora behar da txapela bat bordatzeko?

Bi ordu edo bi ordu luze; txapelak duen diseinuaren arabera izaten da hori. Lehenengo diseinua egiten dut, eta gero bordatu eta gero errematea egiten diot. [Mus txapelketa baterako egindako txapela eskuan duela] Txapel honetan, adibidez, kartak ere bordatuta daude, beraz, lan handiagoa eskatzen du, bai diseinatzerakoan eta gero bordatu lana egiteko ere. Batzuetan ikusi izan dut partxe bat jarri dela txapelean, eta gero kartaren figura gainean bordatu dela, baina nik karta osoa bordatuz osatzen dut.

Eta diseinuak ere egiten dituzu, beraz. Hau da, ez da soilik letrak jartzea...

Hori da, diseinuak ere nik egiten ditut. Noski, lehenengo probak egin behar izaten dira ikusteko nola geratzen den, eta ondoren txapela bordatzen duzu. Kontuan izan behar da txapelaren telak mugimendu bat duela, eta horretara moldatu egin behar da. Hasi nintzenetik gaur egunera ikasten eta hobetzen jarraitu dut.

Zein izaten dira zure bezeroak?

Adibidez, pilota txapelketa profesionaletarako txapelak egiten ditut. Justu buruz buruko txapelketaren txapela izan da azkena. Horrez gain, Euskal Herriko Itzuliaren eta Donostiako Klasikoaren irabazleentzako txapelak ere nik egiten ditut. Pilotako txapelketetako asko egiten ditut, eta gaur egun boladan dago ezkontzetarako egitea; hau da, gizonezkoarentzat txapela eta emakumezkoarentzat bordatutako zapia. Horrelako gero eta eskari gehiago jasotzen ditugu. Baita oroigarri moduan, norbaitek erretiroa hartzen duenean, adibidez. Bai, egia esan, txapela boladan dagoen zerbait da. Oso hemengoa da eta horrek ere laguntzen du.

 

«Gaur egun boladan dago txapela eta zapia ezkontzarako opari moduan»



Zer txapel mota erabiltzen dituzu?

Nik bakarrik Boinas Elosegui enpresarekin egiten dut lan. Kalitate onena dute, eta lehengai onena izatea oso garrantzitsua da. Gainera, Tolosan bertan egiten dira, eta nola ez dugu ba bertakoa babestuko? Lokalean bertan badut beste txapel mota bat, eta biak erakusten dizkiet bezeroei, ikusteko zein den aldea. Beste presentzia bat dute Boinas Elosegui etxeko txapelek, eta gero txapeldunek janzten dutenean, hori nabaritu egiten da.

Garaikurrei dagokionez, ohiko kopa formaz gain, bestelakoak ere badituzue.

Bai, eta horien diseinuak guk geuk egiten ditugu. Antolatzaileek eskatu izan digute diseinu bat egitea zerbait berezia nahi dutenean, betiko koparen ordez. Adibidez, txirrindularitzarekin zerikusia duen garaikur bat egitean, pinoiak, gurpila eta katea erabiltzea zerbait egiteko. Ataria Pilota Txapelketaren aurreko edizioetakoek ere logoa erabiliz egindako garaikurra dute. Batzuek zerbait pertsonalizatua eskatzen dute, eta aukera hori ere eskaintzen dugu. Modu horretako gero eta eskari gehiago jasotzen ditugu.



Kopek, halere, bere lekua izaten jarraitzen dute garaikur moduan.

Bai, noski, eta haurrei gehiago gustatzen zaizkie kopak, ilusio gehiago egiten die. Nolabait identifikatuta edo barneratuta daukagu kopa bat jasotzea zerbait irabaztearekin. Haurrak izan ginenean, kopa bat jasotzea oso berezia zen, eta gaur egun ere ikusten duzu haurrengan zirrara hori. Beraz, norbait etortzen denean garaikurren bila eta haurrentzat bada, hori esaten diet. Garaikurra jasoko dutenek beste adin bat dutenean, ez du zertan garaikurrak kopa forma izan behar.

Eta Euskal Herrikoak ez direnek txapelen bat jasotzen dutenean, adibidez txirrindulariek, nola hartzen dute?

Zerbait berezia bezala hartzen dutela diote. Justu, orain gutxi bukatu da emakumezkoen Itzulia, eta Julian Eraso antolakuntza buruak azaldu zidanez, aurtengo irabazleari, Marlen Reusserri, asko gustatu zitzaion txapela jasotzea. Zerbait ezberdina da, beste leku batzuetan ematen ez dena, eta berezia iruditu zitzaion.


Alejandro Morales eta Remco Evenepoel, erdian. Aldeetan, Moralesen bi semeak: Imanol ezkerrean eta Eneko eskuinean.


Remco Evenepoel txirrindulariarekin badugu istorio bat ere. Aurreko urtean Donostiako Klasikoa irabazi zuen, eta bigarren aldia izan zen. Instagram bitartez gurekin jarri zen harremanetan, eta taldeko txirrindularientzat zein beste taldekideentzat txapel bana eskatu zigun. Madrilera joan ginen txapelak eramatera, justu Espainiako Vuelta bukatu zen egunean; berak irabazi zuen. Bere hotelera joan ginen, ni eta nire bi semeak, Eneko eta Imanol. Oso gustura zegoen, Vuelta irabazi berritan, eta behin baino gehiagotan eman zizkigun eskerrak txapelengatik. Maskara jantzita zuen, ondoren Munduko Txapelketara joan behar zuelako; hori ere irabazi egin zuen.



Zure lana ez da soilik hemen inguruan geratzen, beraz. Bidaiatu ere egiten du.

Bai, aipatu dugun bi kasu horietan, bai. Gero, jendeak ere eskatu dit adibidez Argentinan dituen senideentzat txapelak. Hemengo zerbait eman nahi dietelako. Bestalde, Guadalajarako Marchamalo triatloi klubekoek eskatu dizkidate txapelak egitea, antolatzen duten triatloi probako irabazleentzako. Hemengo probetan irabazleei ematen zitzaiela ikusi, gustatu egin zitzaien ideia, eta eskatzen hasi ziren. Urtero eskatzen didate, beraz, harrera ona duen seinale. Errioxatik ere eskatzen dizkidate, pilotarekin lotutako txapelketentzako.

Zure ofizioan aritzen den beste asko badaude?

Donostian badago norbait, baina bestela ez dut ezagutzen. Ez dut uste ofizio honetan ari den jende asko dagoenik. Gainera, asko mugitu behar zara. Hasieran ni asko mugitu nintzen: nire katalogoak hartzen nituen eta batera eta bestera bidaiatzen nuen. Orain esan daiteke ez daukadala mugitu beharrik, orain niregana etortzen dira. Ahoz ahokoak asko egiten du horrelakoetan. Hori asko nabaritzen da ezkontzekin lotutako oparietan. Azken finean, ikusten duzu egiten dugun lana baloratzen dela.

Internet eta sare sozialak ere erabiltzen dituzue?

Bai, webgunea badugu, Udalatxtrofeos.com, eta gero Instagram erabiltzen dugu, eta tarteka Facebook ere bai. Lehen esan bezala, Evenepoelek Instagram bitartez egin zuen kontaktua gurekin.

 

BURUZ BURUKO TXAPELA

Igandean jokatuko da 2023ko Buruz Buruko Pilota Txapelketa, Jokin Altuna amezketarraren eta Aitor Elordiren artean. Txapeldunak jantziko duen txapela (irudian) egin du Alejandro Moralesek. «Ea Altunak janzten duen», esan du artisauak.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!