Eskualdeko hiru ikastetxetako jantokietara helduko dira Errigorako produktuak

Ataria 2023ko ekainaren 1a

Irailetik aurrera Errigoraren baitako 7 ekoizleren produktuak Euskal Herriko 20 ikastola, eskola eta jantokitako plateretan izango dira. Tolosaldearen kasuan, Amasa-Villabonako Zubimusu, Ibarrako Uzturpe eta Tolosako Laskorain ikastetxeek parte hartuko dute.

Errigora proiektua udazkenean eta udaberrian egiten diren kanpainetan plazaratzen da nagusiki, eta bi garai horietan helarazten dituzte Euskal Herriko etxe eta despentsatara Nafarroa erdi eta hegoaldeko nekazaritza produktuak, beti ere, helburu izanik elikadura burujabetza, euskara eta auzolana sustatzea.

Datorren ikasturtetik aurrera, ordea, etxe eta despentsetara ez ezik, ikastola, eskola eta lantegietako jantokietara ere zabaldu nahi dute proiektua. «Horietara ere arroza, olioa, piperrak eta abar kozinatuz sustatuko bagenitu aipatutako 3 helburu horiek? Horra aspaldian mahai gaineratutako galdera, eta hona erantzuna: 7 ekoizle eta 20 jantoki elkarlanean».

Ekoizleak

Errigoraren baitan aritzen diren ekoizleetatik zapik parte hartzen dute elkarlan honetan, jantokietarako formatu eta eskaintzan egokitzapenak eginda. Euskal Herrian, Ager eremuko baratzetan soilik diren produktuak eta jantokien beharren neurriko kantitateetan ekoiztutako produktuak zaku, latoi eta bidoietan prestatu dituzte; Errigora Balioak berme ziurtagiria dute guztiek.

Taldean egiten dute eskaintza, baita banaketa ere. «Bakoitza bere aldetik ariko baginateke oso nekeza litzateke jantokietarako merkaturatzean sartu ahal izatea gure gisako ekoiztetxeak. Jantokien eskariak ezagututa, aurreikuspenak egiteko modua dugu eta horrela, adibidez, orain, datorren irailetik hasita urtebeterako aurreikuspenen araberako ekoizpena antolatu ahal izan dugu, eta antolatzen ari gara», azaldu dute.

Ekoizleen zerrenda:

  • Nuestra Señora del Rosario Kooperatiba (Ablitas): Olioa.
  • La Casa del Aceite (Kaskante): Olioa.
  • Iturri Kontserbak (Arroitz): Tomatea eta piperra.
  • El Alcaravan (Argeda): Arroza, txitxirioak eta dilistak.
  • Martinelli (Beriain): Pasta.
  • Coservas el Escolar (San Adrian): Zainzuriak eta piperrak.
  • Conservas Ebron (San Adrian): Tomatea.

Jantokiak

Errigoratik adierazi dutenez, jantokietako lehengai behar iraunkorrak aseko dituzten ekoizleak aurkitzea ez da lan erraza izaten. «Elkarlan honetan, aukera dugu tomatea, arroza edo olioa bezalako produktuak aldi berean biltegiratzeko, plater osasuntsu eta kalitatezkoak prestatu ahal izateko, bertatik bertara zirkulua osatuz, eta gainera, euskara eta auzolana bezalako balioak sustatuz».

Ikastola, eskola eta lantegietako jantoki bakoitzak bere filosofia eta kudeaketa dutela adierazi dute, baina beharrizan eta helburu amankomunak ere badituztela. «Elkarlan zaporetsu eta gozagarri hau dugu lekuko».

Jantokien zerrenda:

Gipuzkoa:

  • Laskorain Ikastola, Tolosa.
  • Uzturpe Ikastola, Ibarra.
  • Zubimusu Ikastola, Amasa-Villabona.
  • Fagor Ederlan Lantegia, Arrasate.
  • Hernaniko Haur Eskola, Hernani.
  • Andramendi Ikastola, Beasain.
  • Oreretako Ikastola, Orereta.

Bizkaia:

  • Azkue Ikastola, Lekeitio.
  • Bekobenta Eskola, Markina.
  • Allende Eskola, Gernika.
  • Larrabetzuko Eskola, Larrabetzu.
  • Betiko Ikastola, Leioa.
  • Ander Deuna Ikastola, Sopela.
  • Abusu Ikastola, Bilbo.
  • Urretxindorra Ikastola, Bilbo.
  • Kirikiño Ikastola, Bilbo.
  • Altzaga Eskola, Erandio.

Nafarroa:

  • Amaiurko Eskola, Amaiur.

Lapurdi eta Zuberoa:

  • Suhari Errestaurazio Enpresa, Senpere eta Maule.

Errigoraren proiektu berriko spota:

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!