Gasteizko erailketa matxista salatu dute

Leyre Carrasco 2023ko mai. 30a, 22:00

Gasteizen izandako erailketa matxista salatzeko elkarretaratzeak egin dituzte egunotan eskualdean; atzo Tolosan eta Anoetan izan ziren, eta gaur Villabona eta Zizurkil arteko oinezkoen zubian egin dute, Aiztondoko mugimendu feministak eta Akain eta Lurgatz talde feministek deituta.

Astelehenean emakume baten gorpua aurkitu zuten Gasteizen, apartamentu hotel bateko logela batean. Gorpuak indarkeria zantzuak zituen eta poliziek xehetasun gehiagorik ez zuten eman hasieran, baina arratsalderako kasua hilketa matxista bat izan zela baieztatu zuten. Andreak 32 urte zituen, eta Gasteizkoa zen. Urteko bigarren hilketa matxista da eta 2003tik Euskal Herrian 119ena, mugimendu feministek egiten duen kontaketaren arabera.

Haurdun zegoen bere bikotekideak erail zuenean logelan haien hiru urteko semea ere bazegoela jakinarazi dute Aiztondoko mugimendu feministako eta Akain eta Lurgatz talde feministako kideek. «Ezin antzik beraz, indarkeria patriarkalak hainbat dimentsio izan dituela; umeen kontrako biolentzia, hain zuzen ere. Beraien bizitzetan indarkeria egoerak bizi izan dituzten umeak horren zuzeneko jasotzaileak dira. Kasu hau indarkeria latzenetarikoa izan da, eta Maialen ez ezik, bere umea ere indarkeria matxistaren biktima da», azpimarratu dute.

Aiztondoko mugimendu feministak eta Akain eta Lurgatz talde feministak kontatu bezala, «duela gutxi arte Maialen Balentzian bizi zen, eta bertan, muturreko arriskuko biktima gisa katalogatuta zegoen. Haren hiltzaileak berarekiko urruntze agindua zuen ezarrita. Hala ere, antza denez, Euskal Herrira bueltatu zenean, joan den astean, ertzaintzak arriskuko kategoria oinarrizko kategoriara jaitsi zion».

Honen aurrean epaitegiari eta ertzaintzari muturreko arriskuko biktima ez onartzeko zergatia argitu dezatela eskatu diete. Horrez gain, «nazkatuta» daudela esan eta indarkeria matxista lehen mailako arazo politikotzat hartua izan dadin aldarrikatu dute: «Indarkeria matxistak bideratzen dituen jarrera konplize guztiekin amaitzea, eta erasotzaileei aurre egitea jendarte osoaren ardura izan behar du».

Horregatik, urrats handiagoak emateko garaia dela gehitu dute, «indarkeria matxistak ez duelako etenik izango gizartea egituratzen duen matxismoarekin amaitu arte, indarkeria hau sistema heteropatriarkalaren ondorioa baita».

Euskal Herriko Emakumeen Mundu Martxatik indarkeria gabeko bizitza izateko eskubideak aldarrikatzen jarraituko dituztela esan dute, «nazkatuta eta batzuetan nekatuta egon arren, badakigu borrokatzen eta kalera irteten jarraitzea besterik ez dugula». Horregatik, autodefentsarako deia luzatu dute: «Feministak batu behar gara gizartea errotik aldatzeko. Bizitza bizigarrien aldeko apustu erradikal bat egiten dugu indarkeriarik, arrazakeriarik eta gorrotorik gabe. Aski da. Erailketa matxistarik ez. Gora borroka feminista!».

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!