Hassan Ait Chaouk IV. Zaldibiako Mendi Lasterketa irabazi du

Tolosaldeko Ataria 2023ko mai. 29a, 16:00
Argazkia: Zaldibiako Mendi Lasterketa.

Soronea-Ammma taldeko korrikalari billabonatarrak ia bost minutuko aldea atera zion bigarren sailkatu zen Iñaki Olano taldekide altzotarrari proba luzean, eta errekor berria ezarri zuen; proba motzean, Leire Elola tolosarra bigarren izan zen.

Ausa Gaztelu Mendi Klubak antolatuta, Zaldibiako mendi lasterketen laugarren edizioa jokatu zen larunbatean. Proba luzea (28 kilometro eta 1.950 metroko desnibel positiboa) eta motza (15 kilometro eta 1.000 metroko desnibel positiboa) jokatu ziren, eta inoizko partaidetzarik handiena izan zen; guztira, 308 korrikalarik parte hartu zuten.

Lasterketa luzean, gizonezkoen mailan, Soronea-Ammma taldeko Hassan Ait Chaou billabonatarrak irabazi zuen, iaz bezala; aurten, gainera, errekor berria ezarri zuen: 2.24.32. Iñaki Olano taldekide altzotarra bigarren izan zen (2.29.01), eta eskualdeko beste bi korrikalari sailkatu ziren lehen bosten artean: Jon Zubeldia asteasuarra laugarren (2.47.11) izan zen eta Jon Altuna ibartarra bosgarren (2.49.40). Emakumezkoetan, Soronea-Ammma taldeko Oihana Zubillaga anoetarra laugarren izan zen (3.42.45), hirugarren postutik 11 minutura.

Lasterketa motzean, emakumezkoetan, garaipenetik oso gertu geratu zen Soronea-Ammma taldeko Leire Elola tolosarra. Bigarren izan zen (1.31.50), Irati Larrañaga taldekiarengandik minutu pasatxora (1.30.18). Gizonezkoetan, Mikel Gabirondo irurarra zortzigarren izan zen (1.17.24), eta Eneko Gurrutxaga amasarra bederatzigarren (1.18.00).

Goierri Koparako azken-aurreko lasterketa puntuagarria izan zen Zaldibiakoa. Azkena irailaren 10ean izango da: Idiazabalgo Axari Trail mendi lasterketa. Une honetan, trail modalitatean, gizonezkoen mailan, Jon Zubeldia hirugarren postuan dago sailkapen nagusian. Emakumezkoetan, berriz, Ainhoa Egiguren da eskualdeko onena; seigarren postuan dago. Esprint modalitatean, gizonezkoetan, eskualdeko lau korrikalari daude lehen zazpi postuetan: Mikel Gabirondo irurarra bigarren, Jokin Tolosa anoetarra hirugarren, Eneko Morales tolosarra bosgarren eta Axier Artola amezketarra zazpigarren. Emakumezkoetan, berriz, Leire Elola da eskualdeko onena; hamaikagarren postuan dago tolosarra.

Ereñotzun, podiumetik kanpo

Larunbatean ere XI. Ereñotzuko Mendi Lasterketa jokatu zen. 12,25 kilometroko luzera eta 835 metroko desnibel positiboa zuten aurretik lasterkariek. Eskualdeko korrikalariak izan ziren tartean, baina ez zuten zorterik izan. Gizonezkoetan, Haritz Zubillaga zizurkildarra laugarren izan zen, podiumeko postuetatik minutu eskasera. Emakumezkoetan, Irati Garro tolosarra bosgarren izan zen, hirugarrenarengandik bost minutura.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!