Udal hauteskundeen emaitzak jaso berritan eta alkatetza kopuruari erreparatuta, EH Bilduk eskuratu ditu gobernatzeko herri gehien eskualdean. Izan ere, guztira, 17 herritan hartuko du aginte makila alderdi abertzaleak –zerrenda gehien aurkeztu dituen alderdia da EH Bildu, 18–.
2019ko udal hauteskundeekin alderaketa eginda, EH Bilduk orduan 18 alkatetza bereganatu zituen. Alegian EH Bilduk galdu du aginte makila, Aurrera Alegia zerrendaren alde. Bestalde, kontuan izan beharra dago, orduan baino herri bat gutxiago izan duela aukeran oraingoan; izan ere, Bidania-Goiatzen EH Bilduk ez du zerrendarik aurkeztu eta herri plataformak egon dira aukeragai bertan. Bidania-Goiatzen hamabi urtez EH Bildu agintean egon eta gero beraz, Ibiri taldeak hartuko du agintea.
Boto kopuruari erreparatuta, EH Bilduk 2019an 11.340 boto jaso zituen eta atzo berriz, 11.276 boto; hau da, 64 boto behera egin du. Zinegotzi kopuruan ere alderaketa izan du EH Bilduk. 2019an 107 eserleku eskuratu zituen eta atzoko hauteskundeen emaitzek 108 eserleku eman zizkioten.
EAJ izan da Tolosaldean bigarren alderdi bozkatuena. 2019an 7.754 boto lortu zituen eta atzo, berriz, 5.945 boto izan ziren alderdi jeltzalearentzat, 1.809 boto behera egin zuen, beraz. Aipatu beharra dago, oraingoan, EAJ-k duela lau urte baino zerrenda gehiago aurkeztu dituela. Berastegin, Adunan, Leaburu-Txaraman eta Larraulen EAJ-ren aldekoek papeleta bazuten herrian aukeran. Baina azkenik ez du alkatetzarik lortu alderdi jeltzaleak.
2019an alkatetza bakarra eskuratu zuen EAJ-k: Tolosa. Atzoko gauak berriz, eskualdeko hiriburua EH Bildu alderdiari eman zion, Andu Martinez de Rituerto buru.
Tolosaldeko eserlekuei begira jarriz gero, 2019an EAJ-k 34 zinegotzi eskuratu zituen. Oraingoan, 33 zinegotzi izango ditu eskualdean.
Orotara, Tolosaldean 222 zinegotzi postu bete beharko dira ekainaren 17a bitarte. 2019ko kopuruarekin alderatuta, bi zinegotzi gehiago izango ditu eskualdeak jardunean. Izan ere, Belauntzan guztira bost zinegotzi izatetik zazpi zinegotzi izatera pasako dira.
Herri zerrendek presentzia handia izango dute. Herri plataformek guztira 68 zinegotzi izango dituzte eta hamar herrietan aginte makila eurena izango da.
PSE-EE alderdiak zituen bi alkatetzatik –Berrobi eta Larraul– bakarra mantendu du: Larraul. EAJ-k herrian zerrenda aurkeztu du baina Maite Arana sozialistaren lana berretsi dute herritarrek. Berrobin, ordea, Berrobi Bizi plataforma izan da zerrendarik bozkatuena. Honenbestez, sei zinegotzi izango ditu aurrerantzean eta PSE-EEk zinegotzi bakarra mantenduko du Berrobin. Eskualdean, sozialistek jasotako boto kopuruak zertxobait behera egin du udal hauteskundeetan. 1.587 bototik 1.563ra pasa da eta.
ABSTENTZIOA AUKERA
2019ko errolda 36.235 izan zen eta 2023an 37.063 izan da. Beraz, 828 pertsona gehiago deituta zeuden bozkatzera joateko. 2019an 23.876 boto zenbatu ziren guztira eta atzoko gauean berriz 21.634. Hau da, 2.242 gutxiago. Boto baliogabeak 287tik 353ra pasa dira aurten eta zuriak 825etik 632ra.
Abstentzioa berriz, %31,04koa izan zen eta atzoko udal hauteskundeen bozketan %39,14koa izan da. Beraz, abstentzioak gora egin du nabarmen, herriz herri. zortzi puntuan.
GENEROARI BEGIRA
10 emakumezko eta 18 gizonezko alkate aurreikusten dira 2023-2027 legealdirako Tolosaldean. Aurreko legealdiarekin alderatuta beraz, kopuru berdinetan mantenduko dira emakume-gizon agintariak.
ALKATE BETERANOAK
Eskualdeak baditu bi alkate beterano. Ekainaren 17tik aurrera, laugarren legealdiari ekingo diote Ion Zubizarreta Aldaiak, Abaltzisketan, eta Pili Legarra Kortajarenak, Asteasun.
Legealdi luzeak atzean utzita, alkate jardunari egur esan diote hainbat politikarik, euren burua berriro aurkeztu ez dutelako zerrendaburu gisa. Josu Amilibiak (EH Bildu) hiru agintaldi bete ditu Adunan eta testigua Kristina Rodriguezek hartuko du. Amezketan ere hiru agintaldi bete ditu Iñaki Amundarainek (EH Bildu) eta Mikel Arteagak ekingo dio aurrerantzean ardurari. Anoetan, beste horrenbeste denbora egon da karguan Pello Estanga (EH Bildu); orain, Egoitz Luisak emango dio jarraipena egindako lanari. Eta bi legealdiko lana atzean utzita, hiru emakumek alkatetza utziko dute: Amaia Azkuek (EH Bildu), Berastegin; Bakarne Otegik (EH Bildu), Ikaztegietan eta Olatz Peonek (EAJ) Tolosan.