Gazi-gozoa izan da asteburua Aiztondo NKT kirol taldeentzat

Tolosaldeko Ataria 2023ko mai. 26a, 18:03

Larunbat goizean, baldintza oso desatseginekin, Gipuzkoako Kopako final orokorrean bigarren postua jokatu zuten Aiztondo NKT kadete taldeak eta Gorri Gorrik. Eguraldiak ezin izan zuen Aiztondoko jokalarien gogoarekin.

Hasieratik atera ziren partidaren bila eta hamar minutu eskasean jada gola sartzea lortu zuten, eta bost minutu beranduago bigarren gola sareratzera lortu zuten. Markagailuan aurretik joateak lasaiago jokatzeko aukera eman zion Aiztondori, eta hortik aurrera aukera ugari izateko ahalmena eman zion; azkenean 5-0eko emaitzarekin partida amaitu zuten.

Bigarren partida garrantzitsua igandean iritsiko zen, Gorengo mailako taldeak joaneko partiduko 3-1eko emaitzari buelta emateko lan zaila zuen aurretik, baina finalera iristeko ilusioak indarra zuen.

Txilibituak jo orduko Aiztondokoak proposamen ugari egiten saiatu ziren, gogotsu, baina Lagun Onak taldeko jokalariak oso ondo kokatuta zeuden eta abantailari eutsi nahi zioren, Aiztondoko nesken jokaldi guztiak suntsituz.

Lehen zatian ez zen aukera aipagarririk izan, eta hasierako 0-0ekoarekin iritsi ziren atsedenaldira.

Bigarren zatia hasi bezain pronto etxekoen lehen gola iritsi zen eta honekin batera norgehiagokari bira emateko itxaropena. Azpeitiarrak erasoan hasi ziren eta bost minuturen ostean markagailua berdintzea lortu zuten. Beste bost minutu geroago, kontraeraso batean Lagun Onak-ek bigarren gola sartu zuen. Etxekoak saiatu ziren arren ezinezkoa egin zitzaien gol gehiago sartzea eta Lagun Onak taldeak finalerako pasea lortu zuen.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!