Tolosaldeko ospitale publikoa

Asuncion Klinikako langileek ospitale berriaren Plan Funtzionala aldatu dezala eskatu diote Eusko Jaurlaritzari

Ataria 2023ko mai. 26a, 16:00

LAB eta ELA sindikatuek salatu dute planari azterketa zorrotzago bat falta zaiola, eta ospitale berrirako aldarrikatzen dituzten hiru ezaugarrietatik bat bera ere ez duela betetzen.

Asuncion Klinikako langileek hiru eguneko lanuzteak eta zazpi greba egun burutu dituzte maiatzean, euren lan baldintzak hobetuko dituen hitzarmenaren alde borrokan. «2021etik berritu gabe dugu hitzarmena, eta urte hauetan eman den KPIa kontuan hartuta, %12,2ko erosahalmena galdu dugu. Oraingo egoeran, gero eta langile pobreagoak gara, eta honek, ezinbestean, zerbitzuaren okertzea dakar. Hitzarmen berriak, besteak beste, galdutako erosahalmena berreskuratzea, KPIari erreferentzia egingo dion soldata igoera eta 35 orduko lan astea lortzea ekarriko luke», adierazi zuten atzo Tolosako udaletxearen aurrean egindako elkarretaratzean.

Ospitale berriaren Plan Funtzionala ezagutu berritan, haserre agertu ziren langileak. «Plan funtzional honek, eraikiko den ospitalea eta eskualdean emango den osasun zerbitzua nolakoa izango den ezartzen du, baina azterketa zorrotzago bat falta du». Hori dela eta, hiru aldarrikapen egiten dituzte:

  1. «Ospitale berriaren langileen beharrak ezartzen dituzten taulan, agertzen diren kategoria desberdinen artean, sukalde edo garbitasuneko langilerik ez da agertzen».
  2. «Asuncion Klinikan 333 langile daude gaur egun lanean, eta ospitale berriak 320,5 langile behar dituela diote, dagoeneko ESIan dauden 56 langileri beste 264,5 gehituta. Ez da esaten zer gertatuko den Asuncion Klinikarekin, ezta bertan dauden langileekin ere».
  3. «Gaur egun Asuncion Klinikan ematen diren zerbitzu guztiak emateko asmorik ez daukate, plan funtzionalak ingresoa izan dezaken edozein kirurgia ezabatzen baitu, besteak beste. Ez da ebakuntza-gelez ezer esaten. Inguruko beste eskualdetako ospitaleek dituzten zerbitzuak ere ez dira agertzen, obstetrizia eta larrialdi pediatrikoak, adibidez».

LAB eta ELA sindikatuek salatu dute plan funtzionalak ez duela betetzen ospitale berrirako aldarrikatzen dituzten hiru ezaugarrietako bat bera ere, eta beraz, Eusko Jaurlaritzari plana aldatu dezala eskatu diote, eta ospitale berriak izan behar dituen ezaugarrien alde lan egiteko konpromisoa exijitu diete udal hauteskundeen ondoren Tolosako eta eskualdeko udal gobernuei. «%100ean publikoa izatea, zerbitzu guztiak izatea eta gaur egun Asuncion Klinikan dauden langile guztiak bertan egotea dira konpromiso horiek», azaldu zuten atzo.

Egun osoko azken greba eguna maiatzaren 17a izan zen; hala ere, hilaren 29an, 30ean eta 31n lanuzteak egingo dituzte. «Asuncion Klinikak Tolosaldeko herritarrei zerbitzu publikoa ematen die, eskualdeko ospitale bezala funtzionatzen du eta langileak lan baldintza duinak izan behar dituzte. Enpresak orain arte ez du erakutsi negoziatzeko benetako borondaterik, eta berriki, sindikatu eta langileoi epaileak arrazoi eman digun bezala, abusuzko zerbitzu minimoak ezartzeko ahalegin guztiak egin ditu, greba zapuztu nahian».

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!