Energiari buruzko hausnarketak partekatu dituzte

Ataria 2023ko maiatzaren 26a

Asteazkenean, Tolosaldeko Eskola Agenda 2030 proiektuaren XIII. Topaketa ospatu zuten Tolosako Trianguloan. Gaur egun, eskualdeko 9 herritako 7.500 ikasle inguruk parte hartzen dute proiektuan.

Energia da, Eskola Agenda 2030 proiektuaren baitan, Tolosaldeko eskolak bi urteko zikloan lantzen ari diren gaia, eta XIII. Topaketan amaiera eman diote ziklo honen lehenengo ikasturteari. Ikasturtean zehar eskualdeko ikastetxeek landutako 'Energia, bizitzaren motorra' gaiari buruzko hausnarketa elkarrekin landu eta partekatzeko jardunaldia izan zen.

Ikasturte honetan, ikasleek herriko diagnostikoak egin dituzte, eta udalengana gerturatu dira hauen emaitzen berri emateko. Datorren ikasturtean zehar esku hartze planari ekingo diote ikastetxeek, ikasleak herrira begira jarriko dira beste behin, eta ikasturte honetan gaiaren inguruan ateratako emaitzei irtenbideak emateko lanketak egingo dituzte, proposatutako ekimenak gauzatzeko. «Erronka ez da erraza baina gazteak motibatuta daude, gizartearen aldaketan parte aktiboa izan nahi dutela erakutsiz», esan dute programako ordezkariek

Asteazkeneko topaketan eskualdeko lehen hezkuntzako 8 eta 12 urte bitarteko ikasleak festa giroan elkartu ziren eta tailer desberdinen bitartez energiaren gaiari heldu zioten. «Beraien konpromisoak elkarbanatu zituzten, proiektuaren helburu nagusia lortu ahal izateko: gure eskualdea iraunkorra eta justua izatea, denok elkarrekin bizitzeko eskualdea», azaldu dute.

Aduna, Anoeta, Asteasu, Berastegi, Ibarra, Irura, Tolosa, Amasa-Villabona eta Zizurkilgo adin ezberdinetako 7.500 ikasle inguruk eta bere familiek parte hartzen dute Eskolako Agenda 2030 proiektuan, guztien artean Tolosaldeko herriak iraunkortasunaren bidean jartzeko. Programak 21 urte bete ditu aurten. «Tolosa aitzindaria izan zen, eta ondoren eskualdeko beste herriak gehitzen joan dira Tolosaldea Garatzen eta udaletako teknikariak elkarlanean koordinatuta», gaineratu dute. 

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!