Eskualdeko hiru herri geratzen dira Herriartekoan

Ataria 2023ko maiatzaren 25a

Gipuzkoako Herriarteko Pilota Txapelketan parte hartzen ari diren Altzoko pilotariak.

Final-laurdenetako lehian sartuko dira asteburu honetan. Eskuz Altzok eta Amezketak egin dute aurrera, eta gomazko paletaz Anoeta sailkatu da.

Aurrera doa Gipuzkoako Herriarteko Pilota Txapelketa, eta eskualdeko hiru herrik gainditu dute kanporaketa. Eskuzko modalitatean Altzok eta Amezketak egin dute aurrera, Hernaniri eta Oñatiri irabazi ondoren, hurrenez hurren. Gomazko paletako modalitatean Anoetak Andoain gainditu zuen.

Asteburuan jokatuko dira final-laurdenetako kanporaketak. Eskuzko modalitatean, Altzok Ataunen aurka jokatuko du, eta joaneko jardunaldia Ataunen jokatuko da, larunbatean, 18:00etan hasita, Auzoeta pilotalekuan. Amezketaren aurkaria Azpeitia izango da, eta joaneko jardunaldia etxean jokatuko dute amezketarrek: larunbatean, 18:30ean, Larrunarri pilotalekuan.

Gomazko paletari dagokionez, Anoetak Mutriku izango du aurkari final-laurdenetan. Joaneko jardunaldia Anoetako Alkartasuna pilotalekuan jokatuko da, bihar, 20:00etan hasita.

AURREKO EMAITZAK

Eskuzko modalitatean bost herri izan ziren lehian final-zortzirenetan. Altzok 4-2 irabazi zion Hernaniri eta Amezketak 5-1 Oñatiri. Bestalde, Adunak 0-6 galdu zuen Azkoitiaren aurka. Tolosak Zestoaren aurka 3-3 egin zuen eta tanto kopuruengatik galdu zuen kanporaketa. Larraulek 0-6 galdu zuen Azpeitiaren aurka.

Gomazko paletan bi herri aritu ziren lehian final-zortzirenetan. Anoetak 5-1 irabazi zuen bere kanporaketa Andoainen aurka, eta Tolosak 0-6 galdu zuen Mutrikuren aurka.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!