Aiztondon aro berri bat abiatzeko deia egin du EAJk

Ataria 2023ko maiatzaren 19a

Villabonako Malkar plazan agerraldia egin dute Larraulgo, Zizurkilgo, Adunako, Asteasuko eta Amasa-Villabonako alkategai jeltzaleek. Joseba Egibar GBBeko lehendakariak ere hartu du parte ekitaldian.

Aiztondo bailarako EAJko zenbait alkategaiek ekitaldia egin dute Villabonako Malkar plazan. Bertan izan dira zerrendetan doazen hainbat hautagaiekin batera herri hauetako alkategaiak: Joxe Agustin Arrieta Larraulgoa, Marije Zelaia Zizurkilgoa, Gaspar Esnaola Adunakoa, Aitziber Egaña Asteasukoa eta Eneko Urdangarin Amasa-Villabonakoa. Guztiei babesa ematera gerturatu da GBBeko lehendakari Joseba Egibar Villabonara.

Aro berri bati hasiera emango diotela adierazi du Egibarrek ekitaldian. "Jakin dezatela herritarrek boto-papera izango dutela hauteslekuetan maiatzaren 28an, aukera bat eskura izan dezaten aurkeztu ditugu gure hautagaitzak". GBBeko lehendakariak esan du EAJren ardatza herrigintza izan dela eta hamarkadotan alderdiak ibilbide "izugarri eraikitzailea" eraman duela, "beste batzuk estrategia oztopatzailea eraman duten bitartean". Egibarrek erakundeetan alderdi jeltzaleak egin duen kudeaketan egin du azpimarra: "herri hau honaino ekarri dugu, ez da berez etorri".

Gipuzkoako jeltzaleen buruak aitortu du Aiztondon aurkezten diren hautagai asko ez direla bertakoak, baina aukera politiko bat bermatzeko egin duten ahaleginarekiko begirunea eskatu du. "Eskertzeko da gizon-emakume hauek agertu duten konpromisoa".

Amasa-Villabonan, Larraulen, Zizurkilen, Adunan eta Asteasun herritarrei EAJren alde egiteko eskatuz amaitu dute ekitaldi politikoa.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!