Aiztondo bailarako hautagai ezkertiar eta abertzaletako lau alkategaik agerraldia egin dute gaur Villabona-Zizurkilgo tren geltokian eta aldian behin elkartuko den mahai bat sortzeko konpromisoa hartu dute, Aiztondori dagozkion eta herri bati baino gehiagori eragiten dieten gaiak lantzeko. Kristina Rodriguez, Adunako EH Bilduko alkategaiak hitz egin du gainerako hautagaien izenean eta esan du elkarrekin "errazago" lortuko dutela entzunak izatea, bakoitzak bere aldetik baino. "Eraginkortasun kontu bat izateaz gain, bailara bat garela sinesten dugunez, gaur hartzen dugun konpromiso hau, bide baten hasiera izateko desioa agertzen dugu. Elkarrekin Aiztondo hobea egiteko".
Udal ardurak lortuko balituzte, hautagai ezkertiar eta abertzaleek hitz eman dute gainerako udalei ere mahai horretan parte hartzeko deia luzatuko lieketela. Agerraldia Villabona-Zizurkilgo tren geltokian egin dute eta alkategaiek esan dute zaharkitua eta irisgarritasun arazo handiak dituela geltokiak. "Duela lau urte iragarri zuen ADIFek lanak lizitatu zituela geltoki hau irisgarri egin eta modernizatzeko; bi igogailu jarri eta nasak eraberritzea aurreikusten zuten. Iragarpen horiek haizeak eraman ditu, ordea, eta bien bitartean tren zerbitzua geroz eta kaxkarragoa da". Udalaz gaindiko erakundeen aurrean indar egiteko eta egoera bideratzeko elkarlanean lan egingo dutela hitz eman dute hautagai ezkertiar eta abertzaleek.
Identifikatu dituzte elkarlanean aritzeko gai gehiago ere: Asteasu eta Zizurkilgo biztanleentzat garrantzitsua den saihesbidearen aldarrikapena; herri eta auzo txikietan hutsune asko dituen eskola garraioa eta garraio publikoaren hobekuntza; eta bailarako hezkuntzari lotutako gaiak. Kontu hauetan elkarrekin jarduteko konpromisoa agertu dute Rodriguezekin batera, Amasa-Villabonako alkate eta EH Bilduko alkategai Beatriz Unzuek, Zizurkilgo alkateorde eta EH Bilduko alkategai Maite Amenabarrek, eta Asteasuko alkate eta Asteasu Batuzeko alkategai Pili Legarrak.