Tolosaldeko ospitale berriak 17.000 metro koadro baino gehiago izango dituela esan du Urkulluk

Ataria 2023ko mai. 18a, 11:49

EAJ alderdiak hauteskundeei begirako ekitaldia egin zuen atzo arratsaldean Tolosan, Trianguloa plazan. Xarles Iturbe Tolosako alkategaiaren ondoan Joseba Egibar, Eider Mendoza eta Iñigo Urkullu egon ziren, besteak beste.

Iñigo Urkullu lehendakariak Tolosaldeko Ospitale berriaren inguruan hitz egin zuen atzo, «abian dela» iragartzeko: «Bai, Tolosako ospitalea errealitatea izango da. Inbertsio hau konprometituta dugu. Ospitalea errealitate izateko prozesua martxan dago. Tolosako Udalarekin lan asko egin dugu. Orain, erantzuna dugu: 17.000 metro koadro izango dituen ospitalea; puntako zerbitzuekin; 18 espezialitate mediku eta kirurgiko izango dituena; 72 ohe arte izango duena; Tolosako eta Tolosaldeko herritarrei zerbitzu publiko bikaina eskainiko diena... Hau da gure konpromisoa, Eusko Alderdi Jeltzalearen konpromisoa».

EAEko lehendakariak erakundeen arteko lankidetza balioan jarri nahi zuen atzoko hauteskunde ekitaldian, ospitaleaz gain, Tolosan proiektu gehiago abian jartzeko aukera aipatuz: «Proiektu eta ekimen oso garrantzitsuak jarri ditugu martxan, udalak, Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Eusko Jaurlaritzak elkarrekin egindako lanari esker: Eliker Kalitatezko Elikaduraren Zentroa; Zuloaga errefuxiatuentzako zentroa; Aholku Sarearen bulegoa; TOPIC Tolosako Nazioarteko Txotxongilo Zentroa; Orixe Institutu berria edo gazteei aukera berriak eskaintzeko Lanbide Heziketako programak garatzeko egindako inbertsioa, besteak beste».

Xarles Iturbe, Tolosako EAJren alkategaiaren hitzak

Xarles Iturbek esan zuenez, maiatzaren 28an Tolosak zein herri eredu nahi duen erabakiko da. «Guk, Tolosako Eusko Alderdi Jeltzalea osatzen dugunok, argi dugu zer nolako herria nahi dugun: Tolosa bizia, anitza, abegitsua, berdinzalea eta jasangarria. Ekonomikoki oparoa, kalitatezko enplegu aukerak eskainiko dituena. Gure gazteei etxebizitza aukera berriak eskainiko dizkiena, herritarren ongizatea eta zaintza erdigunean jarriko dituena, inor atzean utzi gabe. Garenaz harro dagoen Tolosa, euskalduna eta euskaltzalea, kirolzalea. Memoria duen herri bat. Hori da, zalantzarik gabe, nahi dugun Tolosa. Gure bide orri zehatza dugu, hamaika proiektu ditugu Tolosa aurrerabidean jartzeko, apustuak egiten jarraitzeko eta Eusko Alderdi Jeltzalearen lanari jarraipena emateko».

Tolosako alkategaiaren esanetan, azkenaldian, «bakar batzuk» Tolosa ilun eta desitxuratu bat marrazten saiatzen dabiltza: «Hori ez da guk aldarrikatzen dugun Tolosa. Ez gara Tolosa horretan islatuak sentitzen. Guk, desesperantzaren eta diskurtso katastrofisten aurrean: jarrera eraikitzailea eta entzuketa etengabea. Debaldeko liskarren aurrean: apustu sendo eta egingarriak. Adanismoaren eta paralisi estrategien aurrean: eguneroko esfortzua, lan isila eta serioa. Hori da gure eredua, hori da Eusko Alderdi Jeltzalearen egiteko modua».

Egibar eta Mendozaren hitzak

Gipuzko Buru Batzarraren presidente Joseba Egibarrek gogora ekarri zuen EAJ-k «iragan eta orainaldi eraikitzaile eta trasformatzaileak dituela», beste alderdi politikoek «kredentzial hori nekez aurkeztuko luketen bitartean». Eider Mendoza Gipuzkoako ahaldun nagusirako hautagaiak eman zion amaiera ekitaldi politikoari. Mendozaren esanetan, gipuzkoarrek maiatzaren 28an «programarik gabe eta Photoshop askorekin» aurkezten diren alderdien eta EAJ-ren artean erabaki beharko dute, «filtrorik gabe baina programa sendo batekin aurkezten dena, pertsonen ongizaterako bidean aurrera egiten jarraitzeko».

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!