Neomak eta Enrike Solinis sarituen artean izan dira

Tolosaldeko Ataria 2023ko mai. 17a, 18:00

Argazkiak: Olga B. / Musika Bulegoa

Euskal Herriko Musika Bulegoa sarien zazpigarren edizioa ospatu zuten atzo, Errenterian, eta lau musika taldek eta sei artistek jaso zuten aitortza.

Musika Bulegoak zehaztu du aurten emandako hamar sarien artean ez dagoela inolako mailakatzerik. Edonola ere, denak ez dira modu berean esleitu: zortzi irabazle epaimahaiak izendatu ditu; bat, Etxepare Institutuak, eta ohorezko saria Musika Bulegoa elkarteko zuzendaritza batzordearen eskutik banatu dute.

Sariak esleitzeko, Euskal Herriko artista eta taldeek iaz sortutako 120 musika proiektu eta proposamen aztertu ditu musikagintzan adituak diren zortzi pertsonak osatutako epaimahaiak. Elkartearen saria jaso dutenen artean, alde batetik, Neomak taldea izan da. Maria Lasa Neomak taldeko kidearen esanetan, «sekulako sorpresa izan da. Duela urtebete hasi ginen proiektuarekin eta ez genuen espero orain holako sari bat jasotzea, taldearentzat urrun zegoen gauza bat baitzen».

Bestetik, Enrike Solinis Tolosan bizi den musikariak ere eraman du garaikurra, eta berak ere saria «pozik» jaso duela aitortu du: «Saria jaso nuenaren berri eman zidatenean harritu eta oso pozik jarri nintzen, izan ere, lan hau oso pertsonala da». Horiez gain, Merina Gris, Su ta Gar, Mice, Ines Osinaga, Teresa Catalan eta Elena Setien ere izan dira sarituak.

Beste bi aitortzak

Etxepare Euskal Institutuak, berriz, nazioartera zabaltzeko egindako lana aitortu ohi du urtero, eta aurten, Oreka TX taldeak jaso du aitortza. Ohorezko saria, berriz, Kepa Junkera trikitilariari eman diote, «euskal kultura eta euskara nazioartera modu berritzailean eramateagatik, trikitia erritmo, instrumentu eta estilo berrietara egokituz».

Musika Bulegoaren VI. Sarietan aitortza jaso duten lanen %70 izan dira euskarazkoak. Genero ikuspegiari dagokionez,  aurten saritu diren lanen %42a emakumeek gidatuak izan dira.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!