ELKARRIZKETA

«Haur, nerabe eta gazteen parte hartzea bultzateko lan egiten dugu Ibarran»

Jon Miranda Labaien 2023ko mai. 22a, 07:59
Izaskun Urrestarazu gizarte hezitzailea da eta Ibarran egiten du lan gazteen parte hartzea sustatzeko zerbitzuan. J. M.

EHUn Gizarte Hezkuntza ikasi zuen Izaskun Urrestarazu De la Iglesiak (Ibarra, 1993). Gaztetatik jardun du Txiribitu aisialdi taldean begirale gisa eta ikasketak bukatuta Amezketako Gaztelekuan aritu zen bost urtez. Pare bat urte daramatza Ibarran gazteekin gizarte hezitzaile bezala lanean.

Parte Hartzea Sustatzeko Zerbitzuan egiten du lan; gaztetxoen alboan egotea eta haien beharrak entzutea da, Urrestarazuren ustez, bere egitekoaren gakoak; Ibarrako gaztetxoak «aktiboak» direla esan du.

Zergatik zara gizarte hezitzaile?

Beti eman dit arreta mundu honek eta familiatik ere badatorkit ofizioa; nahiz eta gurasoek ez gaituzten horretara bideratu, anai-arrebak mundu honetan ibili gara beti. Gizarte hezitzaileen mundua oso zabala da, alor asko ditu, eta jardun dezakezu kale hezitzaile bezala, Gaztelekuetan edo tutoretzapeko pisuetan. Txiribitu aisialdi taldean ibilita, mundu hori ezagututa, argi neukan hezkuntza ez arautuan aritu nahi nuela, gazte eta nerabeekin.

Ibarrako Parte Hartzea Sustatzeko Zerbitzuan egiten duzu lan koordinatzaile bezala. Zein da zerbitzu honen egitekoa?

Gipuzkoako Haur, Nerabe eta Gazteen Sustapenerako Sistema osatzen duten agenteen harremanetarako tresna da Gaztematika. Ludotekek, Gaztelekuek eta Parte Hartzea Sustatzeko Zerbitzuek osatzen dute sistema. 4.000 biztanletik beherako herrietan jartzen da martxan zerbitzu hori eta gure helburua herritartasun aktibo bat bilatzea da. Haur, nerabe eta gazteen parte hartzea bultzatzeko egiten dugu lan Ibarran.

 

«Gure helburua herritartasun aktibo bat bilatzea da, gaztetxoen parte hartzea bultzatzen dugu»



Baliabideak jartzen al dira gero gazte hauen iritziak eta proposamenak errealitate bihurtzeko?

Bai. Ume eta gazte hauek ikusten badute euren proposamenak hitz hutsean geratzen direla hurrena ez dute parte hartuko. Baliabideak jarri behar dira eta esandakoa bete. Ibarrako Udalaren kasuan gaztetxoek egindako proposamenak aintzat hartzen dira eta uste dut urte hauetan, batez ere Gaztezulo gaztelekua martxan dagoenetik, aurrerapauso handiak eman direla.

Adibide gisa, zein lanketa egiten ari zarete orain Ibarrako gazteekin?

Festetarako ekimenak pentsatzen ari gara haur, gazte eta nerabeekin. Hori gure garaian ia pentsaezina zen. Oro har, lau hilean behin gazteei zer egin nahi duten galdetzen zaie eta horren arabera egutegi bat osatzen dugu zerbitzutik. Aurten, Erasmus+ ekimenean parte hartzeko izena eman dugu. Kultur aniztasuna ardatz hartuta, eta Oñatiko gazteekin batera, Italiako herri batekin elkarlanean gauzatu nahi dugu proiektua.

Ekimen hauetan parte hartu eta proposamenak luzatzeko ohitura dute gazteek?

Bai, prest agertzen dira ekarpenak egiteko. Gure helburua DBH1 eta Batxilergo arteko ikasleek herriari begirako zerbait egitea izaten da eta erantzuna beti da positiboa. Neguan babarrun jatea egiten dugu Hauspoa elkartearekin batera eta postrea egiten dute gaztetxoek; azkeneko aldian ehun lagunentzako prestatu zuten. Santa Ageda bezperan ere parte hartu izan dugu edota Korrika pasa izan denetan ere bai. Hemendik gutxira, Atariarekin batera irratsaio bat egingo dugu, eta Galtzaundirekin, berriz, euskararen kale erabileraren neurketan parte hartuko dugu.

Haur, gazte eta nerabeak aipatu dituzu. Zein adinekoez ari gara?

6 urtetik hasi eta 18 urtera artekoak hartzen ditugu kontuan Ibarran eta 300 inguru daude izena emanda gure zerbitzuan. Gaur egun hiru hezitzaile aritzen gara, ni koordinatzaile gisa, beste hezitzaile bat jardun osoz, eta hirugarren bat jardun erdiz. Asteartetik larunbatera egiten dugu lan. Goizetan barne-lanak egiten ditugu: bilerak, formazioak jaso eta horrelakoak. Gazteek eskatzen dituzten ekimenak prestatzen ematen dugu denboraren beste parte bat eta arratsaldeetan ume eta gaztetxoekin egoten gara.

Aldea al dago adin ezberdinen arteko gazteen artean?

Bai, adin tarte bakoitzak bere ezaugarriak ditu. Haurrak oso aktiboak izaten dira, beti mugimenduan eta jolasean dabiltza. Nerabeek pasotismorako joera handiagoa dute. Pazientzia handiarekin eta haiek ondo ezagututa, eta behar denean errieta eginda, gauzak lortzen dira ordea. Ez da erraza haientzako, batez ere, Batxilergoan daudenentzako, oso bolada nahaspilatua izaten da. Hala ere, oro har esango nuke Ibarrako gazteak oso aktiboak direla.

 

«Pazientzia behar du hezitzaileak, eta gero, gertukoa izatea ere oso garrantzitsua da»



Gazte eta nerabe hauen egunerokotasunean zerk sortzen dizue kezkarik gehien?

Sare sozialek esango nuke. Sare horiek nola erabiltzen dituzten ikusita, kezkatu egiten gara askotan. Filtrorik gabe aritzen dira. Ez dakigu nola lagundu, irudipena daukat ihes egiten digula gaiak. Zugatik gugatik guraso taldearekin bildu gara gaiaren inguruan hitz egiteko. Zerbitzuan, berez, ez gaude mugikorrak erabiltzearen kontra, guk ere baliatzen ditugu hainbat lanketa egiteko, baina, beti ere, estrategikoki. Arazoa da geroz eta eskurago dutela teknologia hau eta mugikorrekin dependentzia handia sortzen zaiela gazte hauei. Denerako erabiltzen dituzte sare sozialak eta gurasoek ere ez dute askotan jakiten euren seme-alabak zertan dabiltzan eta zertarako erabiltzen dituzten.



Euskaraz egiten al dute Ibarrako gaztetxoek?

Ibarran, oro har bai. %90a euskaraz aritzen dela esango nuke. Gertatzen dena da, musika eta pantailetatik datorkiena ia gehiena beste hizkuntzetan izaten dela. Saiatzen gara beste erreferente batzuk ematen arlo horretan. Belaunaldien arabera ere izaten da, guk ikusi dugu LH1eko eta LH2ko ikasleen artean joera handiagoa dagoela gaztelaniarako. Saiatzen gara zerbitzutik gaztetxo horiengan eragiten.

Gaztelekuak zein funtzio betetzen du Ibarran?

Oso garrantzitsua da. Duela zortzi bat urte sortu zen. Gu ikasten ari ginen garaian Ibarrako alkate zen Mikel Agirrezabala eta bera ere gizarte hezitzailea da. Hark eta bere taldeak bazuten kezka eta haien eskutik sortu zen Gaztezulo. Oso ondo funtzionatzen du. Babesleku bat da gaztetxoentzat, espazio seguru bat. Gu saiatzen gara eguraldi ona dagoenetan kalean egoten, baina toki baten erreferentzia edukitzea beraientzat garrantzitsua da. Garaia baino lehen ere gerturatzen dira asko, irrikaz egoten dira bertara joateko. Eurena bezala sentitzen dute espazioa.

Amezketan aritu izan zara lehenagotik. Alde handia dago herri txiki bateko gazteen eta herri handiago batekoen artean?

Bai, dezentekoa. Niri harrigarria egin zitzaidan Amezketan 18 urteko gazte bat 12 urtekoarekin zeinen ondo moldatzen zen ikusita. Hori ez da gertatzen Ibarran edo herri handiagoetan. Herri txikietan, bestalde, badago gazteek herriko kontuetan parte hartzeko ohitura. Hezitzaileek lan ona eginez gero, gazteak beti hartzen dira kontuan edozein ekimenetarako.

Dena den, Ibarra herri aktiboa dela esango zenuke?

Bai. Gazte-gaztetatik badago ohitura bat parte hartzeko. Kirolari dagokionez, Lauburuk indar handia dauka eta dantzan biltzen dira ume gehienak Alurren. Gaztetxea eta beste eragile asko daude, Hauspoa esate baterako. Saiatzen gara beste hainbat arlotan ere parte hartzea sustatzen. Hori da gure egitekoa.

Zuen egitekoa nola gauzatzen duzue hezitzaileok?

Uste dut gazteen alboan egotea dela garrantzitsuena. Ikusi behar dute ondoan badagoela haiek entzuteko eta laguntzeko prest dagoen norbait. Gazte batzuekin ate horiek irekitzen dituzu eta beste batzuekin ez. Behintzat jakin dezatela hor gaudela. Guk ahal den neurrian aholkua emango diegu. Konfiantza izan dezatela gugan.

Oro har gazteekiko mesfidantza handia dago?

Bai. Pandemian hori nabarmena izan zen, guztiaren errudun jotzen ziren. Gaztea beti da gazte eta nerabezaroa prozesu bat bezala ulertu behar da. Batzuk desbideratuko dira eta beste batzuk ez. Baina orain gertatzen den bezala pasatzen zen lehen ere.



Ardura handiko lana da zuena?

Bai. Arreta handia jartzen dute gugan. Gazteek asko begiratzen diote itxurari, zein mugikor dugun, zein arropa daramagun eta abar. Asko galdetzen digute bikoteaz eta familiaz. Hiru hezitzaileetako bi Ibarrakoak gara eta ezagunak gara haientzat. Erreferente bezala gaituzte. Alde batetik pozgarria zaigu hori, baina beste batetik ardura handia da.

Hezkuntza arautuaz eta familiaz gainera, gizarteak zein paper jokatzen du gazteen hezkuntzan?

Eskolak modu batera heziko ditu umeak, baina eskolaz kanpo ematen da heziketaren zati handi bat. Nola ibiltzen diren kalean, zein hizkuntza erabiltzen duten, zertan eta norekin ibiltzen diren... horrek guztiak egingo ditu pertsona. Eskola iristen da iristen den puntura, familia ere berdintsu. Gero beste esparru zabal hori dago eta guztion egitekoa da haur, gazte eta nerabeen hezkuntza. Uste dut gaur egungo gurasoak horrekin kontzientziatuta daudela, eta ematen diotela garrantzia plazan egoteari eta euren umeak beste umeekin harremanetan egoteari.

Zerbitzuan izena emanda dauden gazte guztiak ezagutzen dituzu?

Saiatzen naiz denak ezagutzen. Guztien istorioak ezagutzea zailagoa da, baina behatzen asko ikasten da. Bati eta besteari zer gustatzen zaion jakiten da arretaz begiratuz gero.

Zein ezaugarri behar ditu hezitzaile batek bere lana behar bezala egiteko?

Pazientzia behar du. Eta pazientzia edukitzen ikasi egiten da denborarekin. Gero, gertukoa izatea ere oso garrantzitsua da. Oso hotza izanez gero, umeak ez zaizkizu gerturatuko, eta alboan zaudela sentitze hori oso garrantzitsua da haur, gazte eta nerabeentzat. Ezaugarri horiek eta behatzen jakitea dira, nire ustez, hezitzaile on batek behar dituen ezaugarriak.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!