Asuncion klinika

Asuncioneko langileek salatu dute negoziaketa mahaiak blokeatuta jarraitzen duela

Ataria 2023ko mai. 15a, 17:44

Pasa den maiatzaren 9an egindako elkarretaratzea.

Asuncioneko langileek lanuzteekin jarraitzen dute. Bi orduko lanuzteak egin zituzten maiatzeko lehen astean eta lanuzte horiek indartuz egun osoko hainbat lanuzte egiten ari dira. Egun osoko hurrengo greba eguna asteazkenean izango dute, hilak 17.

Asuncion Klinikako langileek lan baldintzak hobetzeko hasitako greba egun eta mobilizazioekin jarraitzen dute. Salatu dute zuzendaritzak ez duela negoziatzeko borondaterik eta negoziaketa mahaia blokeatuta dagoela. Greba egunetarako ezarritako gutxieneko zerbitzuak gehiegizkoak direla gaineratu dute eta adibide bezala esan dute pasa den asteburuan ospitaleko solairu batean greba egunetarako zehaztutakoa baino erizain gutxiago zeudela; horrez gain, prentsa bidez izan dute ospitale berrirako Plan Funtzionalaren berri.

Egun osoko hurrengo greba eguna asteazkenean, hilak 17, izango dute eta maiatzaren 18, 19, 22, 23, 29, 30 eta 31n ere egingo dituzte lanuzteak. Era berean, asteazkenean 11:00etan elkarretaratzea egingo dute Tolosako udaletxearen aurrean, 12:00etan Asuncion aurrean elkartuko dira eta 17:00etan kotxe karabana egingo dute Usabal industriagunetik irtenda.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!