TAK-eko arraunlariak, bi aldiz txapeldun Hondarribian

Ataria 2023ko mai. 15a, 10:42

Emakumezkoen absolutu mailan, Gipuzkoako Trainerilla Liga irabazi zuten larunbatean; atzo, berriz, azkarrenak izan ziren Gipuzkoako Trainerilla Txapelketan. Tolosaldeako Izaro Lestayo izendatu zuten txapelketako patroi onena.

Tolosaldea Arraun Klubak garaipen gehiago eskuratzen jarraitzen du. Batel denboraldiaren atzetik, trainerillen txanda heldu da; Gipuzkoako Liga jokatu dute azken asteburuetan, jubenil eta absolutu mailatan. TAK-ek ontzi bakarra izan du, hain zuzen ere, emakumezkoen absolutu mailan.

Ligan sendotasun handia erakutsi dute eskualdeko arraunlariek, nahiz eta lehia estua izan duten Hondarribiarekin. Lau estropadetatik hiru irabazi ditu TAK-ek; horietan guztietan, bigarren postuan sailkatu da Hondarribia. Irabazi ez zuen estropadan, bigarren izan zen Tolosaldea, Hondarribiaren atzetik. Azken estropadan, aurkari zuzenaren etxean garaipena eskuratuta irabazi dute liga TAK-eko neskek.

Ligako azken jardunaldia ez ezik, asteburuan Gipuzkoako Trainerilla Txapelketa ere jokatu du Tolosaldeak, hau ere Hondarribian. Atzo goizean izan zen eta ligako lehen lau sailkatuek jokatu zuten: Tolosaldeak, Hondarribiak, Hibaikak eta Zumaiak. Hiru ziaboga eta lau luze zituzten aurretik arraunlariek. Lehen luzean alde handia lortu zuen Hondarribiak, eta ziabogan 24 segundoko aldea atera zion Tolosaldea bigarren sailkatuari; beste bi ontziak ere atzerapen handiarekin zetozen jada. Bazirudien lehia erabakita zegoela, baina bigarren luze ikusgarri bati esker, aldea murriztu ez ezik, ziabogara Hondarribiaren aurretik heltzea lortu zuen Tolosaldeak, hiru segundoko aldearekin. Hurrengo bi luzeetan aldea areagotu zuten eskualdeko arraunlariek, garaipen argia lortuz. Azkenean, 17.38ko denbora egin zuen Tolosaldeak. Hondarribia izan zen bigarren (17.59), Hibaika hirugarren (18.20) eta Zumaia hirugarren (18.58).

Atzoko txapelketan, Tolosaldea trainerillako Izaro Lestayo izendatu zuten patroi onena, ziaboga onena egiteagatik.

Traineruaren aurkezpena

Maiatzaren 27an, larunbata, aurtengo Euskotren Ligan lehiatuko den traineruaren aurkezpena egingo du Tolosaldea Arraun Klubak. Tolosako Trianguloa plazan izango da ekitaldia, eguerdian.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!