Gaztelu eta Ibarra artean galdurik

Leyre Carrasco 2023ko maiatzaren 14a

Bidetxur Ibarrako mendi taldeak antolatuta, Ibarrako III. Orientazio Proba Herrikoia egin dute goizean; 46 parte hartzaile izan dira guztira, eta ibilbide luzea eta motza izan dute aukeran.

Eguraldi txarra iragarria bazegoen ere, probarekin aurrera egitea erabaki du Ibarrako Bidetxur mendi taldeak. 09:30ean abiatu dira proba luzea osatu duten parte hartzaileak, eta 10:30ean ekin diote proba motzean parte hartu dutenek. Aurten, denera 46 pertsona izan dira III. Orientazio Proba Herrikoian.

Beñat Doyharzabal antolatzaileak aitortu duenez, «asteburu honetan Zegama-Aizkorri eta Herri Urrats bezalako ekimenak zeudela kontuan hartuta, eta egin duen eguraldiarekin, bagenekin iazko kopurura ez ginela iritsiko, baina pozik gaude etorritako jendearekin».

Aurten, gainera, berritasun modura, proba Gaztelutik hasi dute. Bertatik irten diren taldeak, Gaztelu eta Ibarraren arteko parajeetan barrena ibili dira mapa baten laguntzarekin, Ibarrako plazara iritsi diren arte. Bertan, indarrak berreskuratzeko hamaiketako txiki bat izan dute zain, salda bero, txorizo pintxo eta guzti.

Ibarrako plazara iristean lehena Iñaki del Campo parte hartzailea izan da. Berak buelta motza aukeratu du, eta ezarritako ordu epearen barruan amaitzea lortu du ibilbidea; bi ordutan, hain zuzen. «Kristoren gozamena izan da eta asko disfrutatu dut. Gainera, zortea izan dugu, azken tartetxoa arte ateri egon da, euriak azken unean harrapatu gaituen arte. Hala ere, oso ondo pasatu dut goiza, eta ibilbidea zoragarria izan da», esan du del Campok.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!