Herri bakoitzari dagokion zinegotzi kopurua duen biztanleriaren araberakoa izaten da. Horrela jasoa dago Hauteskunde Araubide Orokorrari buruzko ekainaren 19ko 5/1985 Lege Organikoan:
- 100 biztanlera bitarte 3 ordezkari
- 101-250 biztanleren artean: 5 ordezkari
- 251-1.000 biztanleren artean: 7 ordezkari
- 1.001-2.000 biztanleren artean: 9 ordezkari
- 2.001-5.000 biztanleren artean: 11 ordezkari
- 5.001-10.000 biztanleren artean: 13 ordezkari
- 10.001-20.000 biztanleren artean: 17 ordezkari
- 20.001-50.000 biztanleren artean: 21 ordezkari
- 50.001-100.000 biztanleren artean: 25 ordezkari
- 100.001 biztanletik gora, beste zinegotzi bat gehituko da 100.000 biztanleko, eta beste bat gehituko da emaitza zenbaki bikoitia bada.
Botoa hautagaiarentzat
Aipatzekoa da, 250 biztanle baino gutxiago dituzten udalerrietan zerrenda irekiak izaten direla, hau da, boto emaileak hautagaia aukeratzen du eta ez gainerakoetan bezala alderdia. Ondoren, hautagai bakoitzak dituen botoak zenbatzen dira eta boto gehien biltzen duten ordezkariak (100 biztanletik behera 3 eta 101etik 250era artean, 5) hautatzen dira udal ordezkari. Boto kopuruan berdinketa gertatzen den kasuetan, zozketa bidez erabakitzen da. Gure eskualdera etorrita, modu horretara egiten duten herriak bost dira: Baliarrain, Elduain, Gaztelu, Orendain eta Orexa.
Tolosaldea, herriz herri
2023ko martxoaren 2ko Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean argitaratu zenaren arabera ondorengo zinegotzi kopurua tokatuko zaio eskualdeko herri bakoitzari:
HERRIA | BIZTANLERIA | ZINEGOTZI KOPURUA |
Abaltzisketa | 309 | 7 |
Aduna | 486 | 7 |
Albiztur | 316 | 7 |
Alegia | 1.740 | 9 |
Alkiza | 357 | 7 |
Altzo | 428 | 7 |
Amasa-Villabona | 5.833 | 13 |
Amezketa | 948 | 7 |
Anoeta | 2.079 | 11 |
Asteasu | 1.557 | 9 |
Baliarrain | 152 | 5 |
Belauntza | 269 | 7 |
Berastegi | 1.102 | 9 |
Berrobi | 581 | 7 |
Bidania-Goiatz | 527 | 7 |
Elduain | 247 | 5 |
Gaztelu | 173 | 5 |
Hernialde | 314 | 7 |
Ibarra | 4.143 | 11 |
Ikaztegieta | 483 | 7 |
Irura | 1.885 | 9 |
Larraul | 258 | 7 |
Leaburu-Txarama | 385 | 7 |
Lizartza | 629 | 7 |
Orendain | 246 | 5 |
Orexa | 114 | 5 |
Tolosa | 19.886 | 17 |
Zizurkil | 2.996 | 11 |
Zinegotzi kopuruan aldaketak
Eskualdeari dagokionez, Belauntzan bakarrik egongo da aldaketa. Bost zinegotzi izatetik 7 izatera pasatuko da, 251 biztanleko langa pasatu baitu.
Beste hiru herritan berriz, oso kopuru txikiagatik ez dute hurrengo mailaketara pasatzea lortu:
- Elduainek 4 biztanlegatik ez da 251ra iritsi, beraz, bost zinegotzi izaten jarraituko du.
- Orendainek 5 biztanle falta izan ditu 251ra iristeko eta beraz, bost zinegotzirekin mantenduko da.
- Tolosako kasuan berriz, 115 biztanlegatik ez du 20.001eko langa pasa, beraz, lehengo zinegotzi kopuruarekin mantenduko da, hamazazpirekin.