Eskualdeko zazpi taldeak herriartekoan lehian, asteburuan

Ataria 2023ko maiatzaren 11

Altzo eta Bergara arteko kanporaketaren joanekoa Altzoko pilotalekuan jokatu zen.

Gipuzkoako Herriarteko Pilota Txapelketako herri guztiak sartuko dira lehian asteburu honetan.

Altzo ere lehia horretan izango da, eskuzko modalitatean Bergararen aurkako kanporaketa 5-1 irabazi ostean. Etxean 3-0 irabazi zuten altzotarrek eta Bergararen aurka 1-2 gailendu ziren pasa den asteburuan. Final-zortzirenetako kanporaketak hasiko dituzte asteburu honetan, eta Altzok Hernaniren aurka jokatuko du joaneko jardunaldia, larunbatean, etxean, 18:00etan.

Eskuz eskualdeko beste lau herri sartuko dira lehian, guztiak ere final-zortzirenetan. Bihar Amezketak Oñatiren aurka jokatuko du, etxetik kanpo, 18:30ean. Bihar ere Aduna hasiko da parte hartzen, eta Azkoitiaren aurka jokatuko du, etxean, 19:30ean hasita. Larunbatean beste bi herriak ariko dira lehian. Larraulek Azpeitiaren aurka jokatuko du, 18:00etan, etxean, eta herrian giro berezia sortuko dela espero dute udaletik. Tolosak etxetik kanpo jokatuko du, Zestoaren aurka, 19:00etan.

Gomazko paletan eskualdeko bi herrik parte hartuko dute. Bihar Anoetak jokatuko du, etxean, 18:15ean, Andoainen aurka. Igandean Tolosaren txanda izango da, eta etxetik kanpo jokatuko du, Mutrikuren aurka, 10:00etan. Final-zortzirenetako kanporaketak izango dira.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!