Baserritarren omenez

Ataria 2023ko maiatzaren 11

San Isidro egunaren harira, ohiko legez, baserritarrak gogoan izateko ekitaldiak izango dituzte eskualdeko hainbat herritan.

Baserritarren eguna izango da astelehenean, maiatzaren 15ean, eta horren harira, ekitaldiak antolatu dituzte hainbat herritan.

Tolosan, esaterako, larunbateroko azoka baliatuko dute baserritarrak gogoan izateko. 10:30ean, Udaberriko dantzariek lagunduta, eskertza ekitaldia egingo diete udal ordezkariek Berdura Plazako eta Zerkausiko baserritarrei.

Igandean, berriz, Berrobin, hamaiketakoa egingo dute Iriarten, eta 18:00etan Elbira dokumentala emango dute, Etxolan. Gaztelun, 11:30ean, Sega Eskolako kideek erakustaldia egingo dute. Alkizan, 14:00etan bazkaria izango dute, eta 18:00etan, fronteniseko finalak izango dira.

Gainerako herrietan astelehenean bertan izango dituzte ospakizunak. Amasan, esaterako, 10:30ean meza nagusia izango dute, 12:30ean bertsolari eta trikitilariak, 14:00etan bazkaria Uxo Toki elkartean, eta 20:30ean afaria elkartean bertan.

Asteasun, 11:00etan meza izango da, San Pedro elizan, eta ondoren, herriko umeen eskutik kirol erakustaldia, plazan. Ondoren, barrikotea egingo dute, trikitilarien laguntzarekin. 14:00etan, bazkaria izango da, Sarasola sagardotegian, eta bazkalostean, Maialen Lujanbio eta Jexux Mari Irazu bertsolarien eta trikitilarien saioa izango da.

Berastegin, bestalde, 11:45ean prozesioa izango da udaletxetik San Martin elizara, txistulariez lagunduta. 12:00etan meza, herriko haur dantzari eta bertsolariek lagunduta, eta ondoren, trikitilariak izango dira.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!