Eusko Jaurlaritzak hasierako onespena eman dio Energia Berriztagarrien Lurralde Plan Sektorialari

Ataria 2023ko mai. 10a, 15:59

Andatza-Ezkeltzu Bizirik elkarteak antolatuta, apirilaren 20an hitzaldia egin zuten Zizurkilen. ASIER IMAZ

Gaur EAEko Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu da energia berriztagarriak (eolikoa eta fotovoltaikoa) non koka daitezkeen azaltzen duen zerrenda. Eskualdeko zazpi herri ageri dira zerrenda horretan.

Euskadiko Energia Berriztagarrien Lurralde Plan Sektorialaren hasierako onarpena argitaratu du EAEko Aldizkari Ofizialak. Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailak argitaratu berri du energia berriztagarriak (eolikoa eta fotovoltaikoa) non koka daitezkeen azaltzen duen mapa.

Energia Berriztagarrien Lurralde Plan Sektorialak 110 leku zehazten ditu, 92 udalerritan, instalazio eolikoak eta fotovoltaikoak kokatzeko egokiak izan daitezkeelakoan. Zehazki, horietatik 42 dauden Araban, 49 Bizkaian eta 19 Gipuzkoan, tartean, Tolosaldeko 7 herritan.

Parke eolikoak Arabako 19 udalerritan jartzeko aukera jasotzen du planak, gehienak lautadan eta mendialdean, Bizkaian 26 udalerri zehazten ditu eta Gipuzkoan berriz 12, gehienak Tolosaldean, Debagoienan eta Debabarrenan.

Parke fotovoltaikoei dagokienez, 23na kokapen posible aipatzen ditu Araban eta Bizkaian eta 7, berriz, Gipuzkoan. Egitasmoaren arabera, hauek dira energia berriztagarriak ezartzeko toki egokienak: Araban, lautada, Añana eta Arabako Errioxa; Bizkaian, Durangaldea, Bilbo Handia, Mungialdea eta Arratia-Nerbioi, eta Gipuzkoan, batez ere, Tolosaldea.

Eskualdeko herriak:

  • Energia eolikoa:
    • Berastegi
    • Bidania-Goiatz
    • Elduain
    • Gaztelu
  • Energia fotovoltaikoa:
    • Albiztur
    • Alegia
    • Bidania-Goiatz
    • Tolosa

Arantxa Tapiak zuzentzen duen Sailak ohar batean azaldu duenez, Energia Berriztagarrien Lurralde Plan Sektorialaren helburua Euskadin energia jasangarritasuna lortzeko oinarrizko tresna bat izatea da. «Ekonomiaren deskarbonizazioa burutuko duen energia trantsizioa egiteko Euskadik beharrezkoak zaizkion energia berriztagarrien instalazioak izan ditzala bultzatuko du», gaineratu du.

Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailaren oharraren arabera, planak autokontsumoaren eta komunitate energetikoen alde egiten du, «bi funtsezko alderdi dira energiaren azken kontsumoan energia berriztagarrien kuota hobetzeko».

Gaur egun kontsumitzen den energiaren %10 baino ez da berriztagarria EAEn, eta helburua da 2030erako kopuru hori bikoiztea.

Asteazken honetan EAEko Aldizkari Ofizialean argitaratu eta jendaurrean erakusgai jarri ondoren, 45 egun balioduneko epea ireki da alegazioak aurkezteko.

Eusko Jaurlaritzaren helburua da Energia Berriztagarrien Lurralde Plan Sektoriala legegintzaldia amaitu baino lehen behin betiko onartzea.

 

 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!