Nola baloratuko zenuke EH Bilduk azken agintaldian aldundian egindako lana?
Gertakari garrantzitsuenetarikoa pandemia izan da, eta erakutsi duen gauzetako bat zaintza sistemaren garrantzia da. EH Bildu proposamenak egiten aritu da sistema hori hobetzeko, aurrekontuetan diru gehiago jartzeko horretarako, politika sozialetako eta gizarte zerbitzuetako sailetan hobekuntzak egiteko… Hori da alderdiak egin duenaren adibideetako bat. Beste adibide bat da tokiko garapen agentziak indartzeko saiakera, trantsizio ekologikoa eta digitala bultzatzekoa adibidez, enpresa estrategikoei eusteko eta publifikaziorako bidean jartzeko, enplegu duina… gai horietan erakunde publikoek salto bat eman behar dutela defendatzen dugu.
Aurrera begira zein dira zuen ardatzak?
Ekonomian, politika publiko aktiboak nahi ditugu: kalitatezko enplegua sustatzeko, herrialdean errotutako sistema ekonomiko bat edukitzen laguntzeko edota langileen parte-hartzeari aukerak emateko. Beste ardatz bat politika sozialak, gizarte zerbitzuak eta zaintza dira: gipuzkoarren %23,2ak 65 urte baino gehiago ditu. Hor diru gehiago jarri beharko da, adibidez, zahartzaroan ere etxean egon nahi duten pertsonak zaintzeko langileak kontratatzeko, ordu gehiagotan, baldintza hobeagoetan… zaintza sistema publiko-komunitario baterako trantsizioa egiten hasi beharra dago. Hirugarren ardatza arazo ekologikoarekin eta mugikortasun ereduarekin lotutakoa da, garraio publikoa indartuz, eta maiztasunak eta aukerak indartuz.
Nolako Gipuzkoa nahiko zenukete?
Bai Gipuzkoan eta bai Tolosaldean osasun sistema publiko on bat edukitzea nahi dugu. Tolosaldearen kasuan, gaur egungo egoera gainditu beharra dago, gu baikara ospitale publikorik ez duen Gipuzkoako eskualde bakarra.
Bestalde, eskualde mailan energia arloan salto bat ematea ere nahi dugu. Herriz herri sortzen ari diren energia komunitate edo proiektuak koordinatu egin behar dira. Eta gainera, eskualdeko industriaguneetan ere, enpresen arteko energia komunitateak sortuko ditu EH Bilduk. Efikazian ere pausoak eman behar dira, eraikinak aztertuz eta diagnostikoak eginez, energia gutxiago kontsumitzeko helburuarekin. Beharrezkoa den trantsizio energetikoa egiten hasiko den eskualde bat eta herrialde bat nahi ditugu, beraz, hori bultzatuko du EH Bilduk Gipuzkoako Foru Aldundiko gobernutik.
Tolosaldeko sei alkateren gutun bat argitaratu zen hedabide honetan. Esaten zuten foru funtsaren tamaina handituta ere landa herri txikien finantziazioaren arazoa ez dela konpontzen, egiturazkoa delako. Zer iritzi duzu?
Gauza batzuk berriak dira niretzako, eta hau da horietako bat. Baina, 2023ko aurrekontuetarako dagoeneko proposatu du EH Bilduk orain arteko sistema berraztertzea eta irizpide berriak kontuan hartzea. Beraz ari gara dagoeneko alkate horiek eskatutakoa egiten saiatzen.
Zure kasuan, nola animatu zara aldundira salto ematera?
Zerrenda baten joatera gonbidatu naute, eta baiezkoa eman dut, garai indibidualista hauetan, zerrenda baten joatea delako hartu genezakeen konpromiso minimoetako bat. Aurpegia ematea deserosoa da, baina gauzak aldatu nahi dituenak deserosotasun horretatik pasa beharko du, konfort zonatik atera beharko du. Nori interesatzen zaio, bestela, jendea ez mugitzea? Politiko profesionalei, orain boterean daudenei eta gauzak berdin mantendu nahi dituztenei. Bestetik, herri mugimendua eta kalea oso inportanteak dira, baina aldundia bezalako instituzioak ere bai, bertan hartzen direlako gure eguneroko bizitzan eragina duten erabakiak, edo bertan erabakitzen delako denona den dirua zertan gastatu. Horregatik daude interesatuak, eliteak, instituzio hauek kontrolatzen. Botere gune hauek ere lehiatu edo disputatu egin behar dira. Gainera, ez dut uste alderdi guztiak berdinak direnik. Begira PSE-EE eta espainiar nazionalismoak zer egin duen Aranzadirekin edo euskararekin; begira EAJ zer egiten ari den osasun sistema publikoarekin. 2011-15 legealdian EH Bildu aldundiko gobernuan egon zenean, berriz, salto bat eman zen hondakinen gaikako bilketan, aberastasunaren edo fortuna handien zerga jarri zen… Zaila da alderdi batek dena ondo egitea, baina EH Bildu gertuago dago nik pentsatzen dudan horretatik, beste alderdiak baino.