ELKARRIZKETA

«EAJk Gipuzkoarentzat proiektu indartsua du; egindako ibilbideak erakusten du hori»

Irati Saizar Artola 2023ko mai. 9a, 10:00

Zortzi urtez izan da Tolosako alkate Olatz Peon (Tolosa, 1969) eta aldundira salto egiteko prest da orain. EAJko Oria barrutiko zerrendaburua da.

Nola baloratuko zenuke EAJk aldundian egin duen lana aurreko agintaldian?

Hobera egin du Gipuzkoak. Balorazio positiboa egiten dugu, eta ez bakarrik emaitza aldetik, baizik eta nola egin diren gauzak, lankidetzan oinarritutako gobernantza eredu batean egin delako. Krisiak markatutako legealdia izan da, pandemia, krisi ekonomikoa eta energetikoa... eta, hala ere, lan handia egin da gizarte politikak indartzeko, ekonomia bultzatzeko eta baita ere trantsizio edo erronka digital, demografiko edota ekologikoak, eta etorkizuneko proiektu estrategikoak garatzeko garaian. Erreferentziazko hamaika proiektu eta estrategia hedatu dira: Mubil behin behinean Tolosan kokatua egon den zentroa da horren adibide, edo Adinberri, zahartze osasuntsua bermatzeko, izan ere Gipuzkoako biztanleriaren %23a da 65 urtetik gorakoa. Zibersegurtasunean ere urratsak eman dira, Ziur zentroarekin. Arantzazulab ere aipatuko nuke, Tolosan bertan egin delako deliberazio prozesu oso interesgarri eta garrantzitsua. Markatutako bidea positiboa da eta horretan jarri behar da indarra.

Zein dira EAJren ardatz nagusiak?

Herritar guztien kalitatezko enplegu bat eta babes soziala lortzea, bizi proiektu orekatua eskainiko dituen lurralde bat izateko. Lehentasunak izango lirateke ekonomia eta babes soziala, txanpon bereko bi aldeak, eta fokua jarrita, gainera, sortzen ari diren errealitate sozial guztietan. Gizartea aldatzen doa etengabe, eta administrazioari ere egokitzen joatea tokatzen zaio, pertsonak erdigunean jarrita. Gure lurraldea berritzailea eta ekintzailea izan dadin, modu lehiakorrean garatzen joateko, kalitatezko enplegua sortzeko eta familien ekonomia babesteko egin behar da lan. Langabezia tasa %6,9an dago, eta azken urteetan jaitsi egin da; horrek ez du esan nahi lanean jarraitu behar ez dugunik. Hirugarren ardatza eraldatze soziala, teknologikoa eta ingurumenari aurre egiteko erronka horiei erantzuteko estrategiak dira. EAJk Gipuzkoarentzat proiektu indartsua du; azken lau urteetan egindako ibilbideak erakusten du hori, eta eredu horrek kokatu du Gipuzkoa kontinente osoko lurralde aurreratuenen eta desberdinkeria maila txikienen artean. Bada zerbait. Emakumeen eta gizonen berdintasunaren arloan urrats ausartak emateko gai den lurraldea da gurea, eta bere tresna nagusia lankidetza da.

Nolako Gipuzkoa irudikatzen duzue?

Gipuzkoa aktiboa, martxan dagoena, etorkizunerantz erabakitasunez aurrera egiten duen lurralde bat, aurrean ditugun erronkei sendotasunez erantzuteko gai izango dena, ekonomia indartsu batekin, herritar guztien babes soziala bermatzen duena, euskalduna, herritarrekin elkarlanean jarduten dena, eta oinarri izango dituena justizia soziala, berdintasuna, askatasuna eta elkartasuna.

Tolosaldeko sei alkateren gutun bat argitaratu zen hedabide honetan. Esaten zuten foru funtsaren tamaina handituta ere landa herri txikien finantziazioaren arazoa ez dela konpontzen, egiturazkoa delako. Zer iritzi duzu?

Landa eremuko herrien artean ere ezberdintasun handiak daude; aldea ez du foru funtsak markatzen, herri batek industriagunea izateak edo ez izateak markatzen du. Beraz, ez da berdina izango Altzo edo Alkiza, edo Abaltzisketa edo Aduna, sarrerak ezberdinak direlako. Beste egoera bat jarri nahiko nuke mahai gainean: Tolosako landa auzoek, udalerri ez izateagatik, aldundiak eskaintzen dituen diru laguntzarik ez dute jasotzen. Eta aldiz, landa eremukoak diren beste udalerri batzuk, eta agian biztanle kopuru berdintsua edo gutxiago izan dezaketenak, diru sarrerak batzuk dituzte gure auzoek ez dituztenak. Gure auzoak Tolosako aurrekontuarekin finantzatu behar dira. Gai garrantzitsua da, lurralde osoari eragiten diona, eta azterketa sakona egin behar da, egiten diren aldaketa guztiak hobetzeko egin behar direlako; baina denentzat, ahalik eta justuen izateko, gaia ez delako erraza.

Tolosako alkatetza utzi eta aldundirako saltoa ematera animatu zara. Nolatan?

Etapa bat ixten ari naiz; azken urte hauetan jende askori agur esatea tokatu zait alkatea modura. Oso modu egokian agurtzeko aukera hori izaten ari naiz, eta orain beste etapa batean sartuko naiz. Begirada pixka bat zabalduko dut, lurraldeari begiratzeko eta ez bakarrik udalerriari. Zerrendak osatzen direnean, alderdiek gauza asko izan behar dituzte kontuan: eskualde guztietako ordezkaritza izatea, generoa... Ekuazio horretan nago ni. Erronka bat izango da, eta gustura, ilusioz eta lanari ekiteko gogoarekin nago eta asko ikasteko gogoz baita ere. Hauteskundeen emaitzen arabera, tokatzen zaidan lekuan tokatuta ere lanean aritzeko gogo handiarekin nago.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!