ELKARRIZKETA

«Alderdi sozialistak kudeatu duen alorretan, nabarmen izan da gure politika»

Irati Saizar Artola 2023ko mai. 9a, 09:00

Zortzi urte egin ditu Gipuzkoako Ingurumen diputatu Jose Ignacio Asensiok (Tolosa, 1966). Foru hauteskundeetan ahaldun nagusi izateko aurkeztu du bere burua. 

Nola baloratuko zenuke PSE-EEk foru aldundian egin duen lana aurreko lau urteetan?

Legealdi zaila izan da, pandemia izan dugu, baita Ukrainaren inbasioa ere. Hala eta guztiz ere, oso positiboa izan dela uste dut. Pandemia hasieran ez geneukan gidoirik egoera kudeatzeko, baina, hala ere, gure programa osoa bete dugu eta Gipuzkoa aurrera begira jarri dugu. Zortzi urte daramagu aldundian, eta orain zortzi urte zegoen arazoari eta kaosari buelta eman diogu. Hor daude trantsizio digitala, ekologikoa eta zaintzaren eta demografikoaren trantsizioa nola bultzatu behar den, nola egin era orekatuan, bai ekonomikoki eta sozialki. Alderdi sozialistak kudeatu duen alorretan, nabarmen izan da gure politika. Ingurumenean, esaterako, zaborren kudeaketari aurre egin eta etorkizuneko politikak bultzatu ditugu, klima aldaketari aurre egiteko; mugikortasun alorrean ere Mugi sistemaren bultzada eman dugu, eta kulturan eta kirolean oso modu integratuan eta aniztasunaren bermeetan lan egin da. Gainera, nik uste, aurrekontuaren bermea geuk eman dugula. Aldundiak 1.129 milioiko aurrekontua du, historian izan duen handiena, eta hori alderdi sozialistak bultzatu duen aurrekontua izan da. Gizarte politikak bermatu ditugu: aurrekontuaren %47 da orain, eta etorkizunera begira erdia izan behar duela argi eta garbi daukagu.

Zein dira zuen ardatz nagusiak?

Ongizatearen gizartea bermatu behar dugu. Hezkuntza, osasun zerbitzuak, zerbitzu publikoak, trantsizio ekologikoa eta energetikoa, ekonomia zirkularra... horiek izango dira erronka nagusiak. Aniztasuna defendatu behar dugu, Gipuzkoa askotarikoa da, eta alderdi nazionalistak askotan sinplifikatu eta berezitu egiten du gizartea. Gure aldetik uste dugu aniztasuna, izaera desberdinak bermatu behar direla, aukera berdintasuna sustatzea ezinbestekoa da, eta horretan alderdi sozialista ezinbestekoa da. Baloreen gizartea bermatu behar dugu. Hiru trantsizioak bultzatu nahi ditugu: ekologikoa, digitala eta demografikoa, era orekatuan, ekonomikoki, sozialki eta ingurumenarekiko. Hiru hanka dituen aulki bat da; hanketako bat ez badago ondo, aulkia ez da tente mantenduko eta aulki sendo hori da gure gizarteak behar duena. Berdintasunaren eta askatasunaren bermeak ere izan behar gara, noski.

Hiru hanka horiek sendo dituen Gipuzkoa irudikatzen duzu?

Hala da. Eta horrek suposatzen du gure industria goraka joango dela, lehiakorra dela, sortzen ditugun lanpostuek talentua eta gure gazteen etorkizuna bermatzen dutela, gure gizarte politikak mantentzeko ere ezinbestekoak izango direla. Hiru trantsizioak aurrera eraman behar ditugu eta ikusi da nolako gaitasuna daukagun, alderdi sozialistan, arazoak konpontzeko eta Gipuzkoa etorkizunera begira jartzeko.

Tolosaldeko sei alkateren gutun bat argitaratu zen hedabide honetan. Esaten zuten foru funtsaren tamaina handituta ere landa herri txikien finantziazioaren arazoa ez dela konpontzen, egiturazkoa delako. Zer iritzi duzu?

Kontuan eduki behar den gaia da. Badaude beste herri batzuk ere, beraien gizarte politikak bermatzeko zailtasunak dituztenak, edo langabezia tasak beste herriek baino altuagoak dituztenak eta bultzada behar dutenak. Buelta bat eman behar diogu foru funtsaren kontuari. Foru funtsa, herri askorentzat, beraiek daukaten sarrera nagusia edo bakarra izaten da, eta alde horretatik sentsibilitatea badaukagu, eta nik uste fiskalitateari buelta bat eman beharko diogula. Sentsibleak gara, eta lanketa bat eta hausnarketa bat egin beharko da, eta hitz egiteko, aztertzeko eta hausnarketa egiteko prest gaude.

Ingurumen diputatua izan zara eta ahaldun nagusirako hautagai izango zara orain. Nola ikusten duzu zure burua?

Zortzi urte daramatzat aldundian. Sartu nintzenean kaosa zen hau guztia, zaborren kudeaketari irtenbide bat eman behar zitzaion eta horretan ibili gara buru-belarri lau urtean. Uste dut talde bezala lan bikaina egin dugula eta buelta eman diogula arazoari. Lehen zaborrak alde batetik bestera, Gipuzkoatik kanpo zihoazen, eta atez ateko sistema Gipuzkoan %20an zegoen ezarrita. Orain ez da %6ra iristen; erabat buelta eman diogu. Gaikako bilketak gora egin du, ez ditugu zabortegiak behar, eta gainera, ekonomia zirkularra eta trantsizio energetikoari aurre egin diogu, bereziki, Zubietako azpiegiturak jarri ditugulako martxan. Bestalde, ahaldun nagusia izan nahi dut lehen aipatutako politikak aurrera eramateko, gizarte politikak bermatzeko, politika industrialari bultzada nabarmena emateko, eta gizarte honen aniztasuna bermatu, errespetatu eta edozein dela gure jatorria, edozein dela gure pentsaera, edozein dela gure hizkuntza ere errespetatzeko. Argi daukat, horiek errespetatzeko alderdi abertzaleek bakarrik ezin dutela gobernatu, eta horretarako alderdi sozialistaren lidergoa ezinbestekoa da.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!