Tolosaldeko ospitale publikoa

Bat egin dute larunbateko manifestazio deialdiarekin

Ataria 2023ko mai. 4a, 18:51

Tolosaldeko EH Bilduko alkate eta alkategaiak TOPAren mobilizazioan egongo dira, eta herritarrak bertan parte hartzera animatu dituzte: «Eskualdeko osasun zerbitzua egoera larrian dago».

Andu Martinez De Rituerto Tolosako alkategaiak hitz egin du EH Bilduko kideen izenean, gaur arratsaldeko agerraldian, Zerkausian. Eskualde mailako ospitale publikorik ez duen Gipuzkoako eskualde bakarra Tolosaldea dela gogoratu du. Horrez gain, bertako herritarrek bigarren mailako osasun arreta jasotzen dutela ondorioztatu du: «Klinika pribatu batek asistentzia publikoa ematen du, gainontzeko ospitale publikoen kalitatezko estandarrak bete gabe».

Martinez De Rituertok EH Bildutik azken urteetan esana gogoratu du beste behin ere: «EH Bilduko udal hautetsiok urteak daramatzagu eskualderako osasun sistema publikoa eta kalitatezkoa aldarrikatzen. Azken urteetan, larritasunez eta arduraz bizi izan dugu eskualdeko osasun zerbitzuaren gainbehera ukaezina, eta hau, kalean zein instituzioetan behin eta berriz salatu dugu, eta eskualderako osasun sistema publiko eta kalitatezkoa aldarrikatu dugu».

EH Bilduko kideen esanetan, «hilabete oso erabakigarriak dauzkagu aurretik». Andu Martinez De Rituertok zehaztu duenez, «gure eskualdeko herritarren osasunean eragin izugarria izango duten erabakiak hartuko dira»; tartean, «balizko» ospitale berria aipatu du: «Proiektua mahai gainean dagoen honetan, orain da garaia etorkizuneko osasun sistema publiko baten oinarriak zehaztu eta eskualde mailako osasun estrategia definitzen hasteko. Orain da garaia Tolosaldeko osasun sistema integrala guztion ahotsarekin eta elkarlanean diseinatzeko». Horretarako EH Bilduko alkate eta alkategaiek euren prestutasuna azaldu dute.

Bitartean

Eusko Jaurlaritzari eskari zuzena egin diote EH Bilduko kideek, Asuncion Klinikaren ardura duen enpresa aipatuz: «Eusko Jaurlaritzak Invizarekin duen hitzarmena betetzen den bermatu dezala, langileen formakuntza eta kopurua zein lan baldintza duinak bete ditzala, eta herritarrek legez dagokien kalitatezko osasun arreta jasotzen dutela ziurtatu dezala».

Tolosako alkategaiaren esanetan, osasungintza publikoa indartzeko garaia da, «ez odolusten uztekoa». Horretarako, herrietako lehen arretako anbulatorioetatik hasi eta zainketa intentsiboetaraino joan beharra dagoela esan du Martinez De Rituertok.

Hasieran egin bezala, amaieran ere TOPAk deitu duen manifestazioa izan du hizpide EH Bilduko kideak: «Ez dugu merezi bigarren mailako herritarrak izatea, eta horregatik, dei egiten diegu herritarrei larunbatean Tolosako kaleetan egingo den manifestazioan parte hartzera».

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!