Larunbatean hasiko den Bakarkako Sega Ligak hiru saio izango ditu

Ataria 2023ko maiatzaren 4a

Etxalekun izango da ligaren lehen saioa eta Hernanin eta Altzon, bigarrena eta hirugarrena, hurrenez hurren.

Larunbatean hasiko da Euskal Herriko XVI. Bakarkako Sega Liga Etxalekun (Nafarroan), 17:00etan, Almitza Sega Elkarteak antolatuta. Ligaxkak hiru saio izango ditu: hurrengoa Hernanin izango da, maiatzaren 21ean, eta azkena Altzon, ekainaren 3an. Aurten Europako Sega Txapelketa egingo dela eta, liga horretan erabakiko dira uztailean Eslovenian jokatuko den txapelketan Euskal Herria ordezkatuko duten segalariak zein izango diren. Guztira 10 gizon eta 5 emakume sailkatuko dira.

Ligan parte hartuko duten hainbat segalari eskualdekoak dira. Emakumezkoetan Jugatx Agirre berastegiarra, Luixa Uzkudun leaburuarra, Sheyla Sarasola lizartzarra, Alaitz Imaz hernialdetarra, Izadi Arrospide leaburuarra eta Ainara Otamendi ibartarra ariko dira parte hartzen. Gizonezkoetan, Oier Urkola anoetarra, Mikel Lizartza tolosarra, Amaiur Arrospide leaburuarra, Iñigo Etxabe belauntzarra, Gorka Bildarratz tolosarra eta Joakin Garmendia anoetarra.

Bestalde, gaztetxoen mailan hiru kategoriatan lehiatuko dira, eta guztira hamar segalarik parte hartuko dute. Horietatik bederatzi gazteluarrak: Haizea Larrañaga, Xare Iriondo, Irati Tome, Mari Olazar, Inge Goikoetxea, Lorea Zunzunegi, Xuban Gartzia, Aner Zunzunegi eta Nahia Aranzabe.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!