Atarikideek abantaila ugariz gozatuko dute

Ataria 2023ko mai. 4a, 15:59

Tolosaldeko hainbat negoziotan erosiz gero, Atarikideek onurak izango dituzte maiatzaren 8an hasiko den kanpainari esker.

TOLOSALDEKO ATARIA-k 10 urte betetzen ditu aurten, eta urteurren berezia baliatu du eskualdeko euskarazko komunikabideak Atarikideentzat nahiz komertzio eta enpresentzat onuragarria izango den kanpaina berria martxan jartzeko.

Datorren astelehenean, hilaren 8an, abiatuko den kanpainak hiru oinarri izango ditu. Batetik, Atarikideei abantailak eskaintzeaz batera, eskualdeko ATARIA-ren sarea handituko da. Bestetik, parte hartzen duten negozioek publizitate, bezero eta sarrera berriak lortuko dituzte, pizgarri batzuen truke. Eta, azkenik, Atarikideek, ATARIA babesteaz gain, eskualdeko negozioetan onurak lortuko dituzte.

Beraz, eskualdeko herritarren sarea handitzearekin batera, bertako negozio txikietako kontsumoa bultzatzea du helburu kanpaina berriak.

Abantailak

Tolosaldeko hamabi komertziok eta enpresak egin dute bat momentuz kanpainarekin, eta kopuru hori handituz joatea da helburua. Askotariko negozioak dira, aisialdikoak, altzari dendak, lore dendak, osasun zentroak, liburu dendak edota gastronomiari lotutakoak.

Atarikideek Atarikide izate hutsagatik, abantailez gozatu ahalko dute, Atarikide txartela erakutsita. Abantailak %15erainoko edota 100 eurora arteko deskontuak izan daitezke. Modu horretan, Atarikideek onurak baliatuko dituzte, bertako komertzioetan erosiz, eta bide batez ATARIA indartuko dute.

Txartel berriak

Egunotan Atarikide txartel berria jasotzen ari dira Atarikideak euren buzoietan. Txartelean Atarikide zenbaki berria eskuragarri egongo da, eta aurrerantzean hori erabili ahalko dute Atarikideek identifikatzeko.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!