Arantxa Tapiak eskualdeko bi enpresa bisitatu ditu

Ataria 2023ko api. 26a, 21:59

Arantxa Tapia Ekonomia Garapen sailburua Tolosaldeko bi enpresatan izan da, Xarles Iturbe Tolosako EAJ-ren alkategaiarekin batera. Industriak Tolosaldeko eta Euskal Herriko ekonomian eta garapenean duen «garrantzia» azpimarratu dute. 

Ekonomia Garapen sailburua Ibarrako Apatta Industriaguneko Otsabio enpresan izan da, besteak beste. Bertan egin ditu adierazpenak, Xarles Iturbe Tolosako Udaleko zinegotzi eta EAJ-ren udal hauteskundeetako alkategaiarekin batera. Industriak eta industriari lotutako zerbitzuek Tolosaldeko eta Euskal Herriko ekonomian eta garapenean duten «garrantzia» azpimarratu dute. Iturbek adierazi duenez, Tolosaldeko lanpostuen %40 industriak sortutako enplegua da, «kalitatezko enplegua gainera». «Gaurkoa bezalako bisitek, enpresengandik gertu egotea eta beraien beharrak hobeto ezagutzea» ahalbidetzen dute», azaldu du.

Halaber, «ekonomia lehiakorragoaren eta herri orekatuago baten garrantzia» nabarmendu du Tapiak. «Lehiakortasuna, ongizaterako; eta ongizateak suposatzen du hezkuntza on bat eta zerbitzu publiko egoki batzuk izatea, baita lan duinak edukitzea eta lanpostuak sortzea ere. Eskualde guztiek dute garrantzia; guztiek dute gaitasuna enpresa txiki eta ertain guztietara iristeko, eta gure ehun industriala, batez ere, enpresa txiki eta ertainak dira. Ondorioz, Jaurlaritzak eta, kasu honetan Tolosaldeak, ezinbesteko elkarlana egin behar dugu, erronkak zein diren eta nola erantzun behar zaien zehaztuz», gaineratu du sailburuak.

Azpiegituren garrantziaz ere mintzatu da Tapia: «Apatta industriagunea martxan jarri zenean, ez genuen pentsatzen horrelako arrakasta izango zuenik, eta une honetan, beteta dago. Orain, bigarren fasea martxan jartzea da helburua, Tolosak enpresa gehiago hartzeko, daudenak handitzeko eta lehiakortasuna areagotzeko azpiegitura garrantzitsu bat izan dezan», azaldu du.

Bisitaren ondoren, Tolosako Batzokian, topaketa egin dute herriko eta eskualdeko enpresa industrialekin. «Denon artean gure errealitatea hobeto ezagutu, sakondu, eta ditugun erronkak aztertzea izan da asmoa», esan du Iturbek.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!