Deialdi hau 2021 urtean egin zuten lehen aldiz, eta aurtengoa hirugarren deialdia da. Honen eskutik, Foru Aldundiaren laguntzarekin, lursailen kartografia digitala ahalbidetu nahi dute. Abaltzisketa eta Orexa dira lan horiek egiten ari diren lehen udalerrietako batzuk; besteak Ataun, Olaberria, Mendaro, Zumarraga, Azkoitia, Legazpi eta Zegama dira. Foru Aldundiak gastuen erdia hartzen du bere gain.
Bozeramaileak azaldu duenez, urtero ematen duten laguntza honen bidez, Aldundiak hamarkada bateko epean lortu nahi du Gipuzkoako landa-lurzoru guztien kokapenak GPS bidez geoerreferentziatuta egotea. Gaineratu duenez, ekimen instituzional aitzindaria da, bai EAEn, bai estatuan. «Arazoa da askotan ez dakigula lursailak non hasten eta amaitzen diren. Informazioa galdu egiten da belaunaldi batetik bestera, eta katastroan dagoena, udaletan dagoena edo jabeek dutena ez da beti bat etortzen. Prozesu hau amaitzen dugunean, informazio guztia ordenatuta, adostuta eta euskarri digitalean jasota izango dugu», adierazi du Eider Mendoza Gipuzkoako Foru Aldundiko bozeramaileak.