Maiatzaren 28an hautatuko diren udal ordezkari kopuruak

Ataria 2023ko api. 26a, 12:00

2019ko hauteskundeetako argazki bat

Herri bakoitzean aukeratuko diren zinegotzi kopuruak udalerriko biztanleriaren arabera izaten dira. Tolosaldekoen kasuan herri bakarrean aldatuko dira, Belauntzan.

Herri bakoitzari dagokion zinegotzi kopurua duen biztanleriaren araberakoa izaten da. Horrela jasoa dago Hauteskunde Araubide Orokorrari buruzko ekainaren 19ko 5/1985 Lege Organikoan: 

  • 100 biztanlera bitarte 3 ordezkari
  • 101-250 biztanleren artean: 5 ordezkari
  • 251-1.000 biztanleren artean: 7 ordezkari
  • 1.001-2.000 biztanleren artean: 9 ordezkari
  • 2.001-5.000 biztanleren artean: 11 ordezkari
  • 5.001-10.000 biztanleren artean: 13 ordezkari
  • 10.001-20.000 biztanleren artean: 17 ordezkari
  • 20.001-50.000 biztanleren artean: 21 ordezkari
  • 50.001-100.000 biztanleren artean: 25 ordezkari
  • 100.001 biztanletik gora, beste zinegotzi bat gehituko da 100.000 biztanleko, eta beste bat gehituko da emaitza zenbaki bikoitia bada.

Botoa hautagaiarentzat

Aipatzekoa da, 250 biztanle baino gutxiago dituzten udalerrietan zerrenda irekiak izaten direla, hau da, boto emaileak hautagaia aukeratzen du eta ez gainerakoetan bezala alderdia. Ondoren, hautagai bakoitzak dituen botoak zenbatzen dira eta boto gehien biltzen duten ordezkariak (100 biztanletik behera 3 eta 101etik 250era artean, 5) hautatzen dira udal ordezkari. Boto kopuruan berdinketa gertatzen den kasuetan, zozketa bidez erabakitzen da. Gure eskualdera etorrita, modu horretara egiten duten herriak bost dira: Baliarrain, Elduain, Gaztelu, Orendain eta Orexa.

Tolosaldea, herriz herri

2023ko martxoaren 2ko Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean argitaratu zenaren arabera ondorengo zinegotzi kopurua tokatuko zaio eskualdeko herri bakoitzari:

HERRIA BIZTANLERIA ZINEGOTZI KOPURUA
Abaltzisketa 309 7
Aduna 486 7
Albiztur 316 7
Alegia 1.740 9
Alkiza 357 7
Altzo 428 7
Amasa-Villabona 5.833 13
Amezketa 948 7
Anoeta 2.079 11
Asteasu 1.557 9
Baliarrain 152 5
Belauntza 269 7
Berastegi 1.102 9
Berrobi 581 7
Bidania-Goiatz 527 7
Elduain 247 5
Gaztelu 173 5
Hernialde 314 7
Ibarra 4.143 11
Ikaztegieta 483 7
Irura 1.885 9
Larraul 258 7
Leaburu-Txarama 385 7
Lizartza 629 7
Orendain 246 5
Orexa 114 5
Tolosa 19.886 17
Zizurkil 2.996 11

Zinegotzi kopuruan aldaketak

Eskualdeari dagokionez, Belauntza bakarrik egongo da aldaketa. Bost zinegotzi izatetik 7 izatera pasatuko da, 251 biztanleko langa pasatu baitu.

Beste hiru herrietan berriz, oso kopuru txikiagatik ez dute hurrengo mailaketara pasatzea lortu:

  • Elduainek 4 biztanlegatik ez da 251ra iritsi, beraz, bost zinegotzi izaten jarraituko du.
  • Orendainek 5 biztanle falta izan ditu 251ra iristeko eta beraz, bost zinegotzirekin mantenduko da.
  • Tolosako kasuan berriz, 115 biztanlegatik ez du 20.001eko langa pasa, beraz, lehengo zinegotzi kopuruarekin mantenduko da, hamazazpirekin.

 

 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!