Iñaki Olano garaile, VI. Segura Zerain Mendi Lasterketan

Ataria 2023ko api. 25a, 11:59

Soronea-Ammma taldeko korrikalari altzotarrak Goierrin jokatutako proba irabazi zuen; emakumezkoetan, Ainhoa Egiguren irurarra hirugarren izan zen. Sprint modalitateko proban, gizonezkoetan, Axier Artola amezketarra bigarren izan zen.

Larunbatean izan zen VI. Segura Zerain Mendi Lasterketa. Bi ibilbide izan ziren: luzea (trail modalitatea), 25 kilometroko luzera eta 1.700 metroko desnibel positiboarekin, eta motza (sprint modalitatea), 14,5 kilometroko luzera eta 880 metroko desnibel positiboarekin.

Ibilbide luzean, Soronea-Ammma taldeko Iñaki Olano altzotarra izan zen azkarrena (2.11.30), Martin Diez segurarra helmugaratu zen bigarren (2.14.05) eta Walther Becerra sestaoarra izan zen hirugarren (2.19.08); Amaiur Bernaras billabonatarra zortzigarren postuan helmugaratu zen (2.27.51). Emakumezkoetan, Maria Ezpeleta beasaindarrak irabazi zuen lasterketa (3.05.22), Irantzu Chinchetru arabarra izan zen bigarren (3.14.19), eta Ainhoa Egiguren irurarra sailkatu zen hirugarren (3.20.41). Egigurenen atzetik, eskualdeko beste bi korrikalari helmugaratu ziren: Noelia Lataburu irurarra laugarren izan zen (3.21.04) eta Amaia Larrarte tolosarra bosgarren (3.28.03).

Ibilbide motzean, gizonezkoetan, Elorrioko Gontzal Murgoitio izan zen garailea (1.04.42), Axier Artola amezketarra bigarren izan zen (1.06.42), eta Josu Urrestarazu idiazabaldarra helmugaratu zen hirugarren postuan (1.07.05); proba horretan, Jokin Tolosa anoetarra laugarren izan zen (1.07.22). Lasterketa oso azkarra izan zen; iaz, Tolosak berak ezarri zuen probaren errekorra (1.08.13), eta aurten, laugarren sailkatuta ere, denbora hobea egin du. Ondorioz, Murgoitiok ezarri du probako errekor berria. Emakumezkoetan, Maria Ezkerro tolosarra bosgarren izan zen (1.33.34) Rebeca Mariño irabazlearengandik 13 minutura.

Goierri Trail Kopako seigarren proba izan zen Segurakoa, eta beste hiru falta dira oraindik jokatzeko. Trail modalitatean, gizonezkoetan, Jon Zubeldia asteasuarra laugarren postuan dago sailkapenean; emakumezkoetan, Ainhoa Egiguren eta Noelia Lataburu irurarrak bosgarren eta seigarren postuan daude, hurrenez hurren. Sprint modalitateko sailkapen nagusian, eskualdeko lau korrikalari daude lehen sei postuetan: Jokin Tolosa anoetarra bigarren postuan, Mikel Gabirondo irurarra laugarren, Eneko Morales tolosarra bosgarren eta Axier Artola amezketarra seigarren.

Asteburuan, XVIII. Aloñako Igoera ere jokatu zen, kasu honetan, Oñatin. Eskualdeko Soronea-Ammma taldeko bi korrikalari igo ziren podiumera. Gizonezkoetan, Iñigo Uribetxeberria bigarren izan zen (2.07.45); Aitor Ajuria izan zen garailea (2.03.35). Emakumezkoetan, Mayi Mujika ere bigarren izan zen (2.43.45); Malen Osa izan zen txapeldun (2.18.34).

Azkenik, IV. Arantzako Mendi Lasterketan (20 kilometroko luzera eta 1.300 metroko desnibel positiboa), Alpino Uzturre taldeko Ane Elzaurdia hirugarren helmugaratu zen.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!