Tolosaldeak bandera eraman du kadete nesketan

Ataria 2023ko apirilaren 24a

Kadete mailako neskak, Euskadiko Txapelketan lortutako banderarekin.

Euskadiko Batel Txapelketa izan zen jokoan eta TAK klubeko lau ontzi izan ziren lehian.

Emaitza nabarmenena kadete mailako neskek lortu zuten, lehen postua eta bandera eskuratuz. Oso estu lortu zuten irabaztea, 19 ehuneneko bakarrik atera baitzizkioten San Juan batelari. Hirugarren Kaiku izan zen.

Nesken beste bi batelek hirugarren postua lortu zuten. Infantil mailakoek aurretik Hernani eta Ondarroa izan zituzten eta laugarrena izan zen San Juan batelari 22 ehuneneko atera zizkioten. Jubenil mailakoek, berriz, Kaiku eta San Juan izan zituzten aurretik. Nesken hiru batelak asteburu honetan izango dira Sestaon jokatuko den Espainiako Txapelketan.

Euskadiko Txapelketan parte hartu zuen klubeko laugarren batela mutilen kadete mailakoa izan zen. B finalean parte hartu zuen, bigarren postua lortuz Mundakaren atzetik. Guztira, beraz, seigarren postuan amaitu zuten.

Absolutu mailan, eskualdeko arraunlariak txapeldun

Emakumezkoen absolutu mailan, Donostiarra taldeak irabazi zuen txapelketa. Batel horretan parte hartu zuten Olatz Lopez eta Nerea Perez tolosarrek eta Maider Zumeta ibartarrak.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!